Ongi Etorri Urduñara

Orduña

Urduña, Bizkaiko lurralde historikoko hiri bakarra. Bizkaiko lurralde honek Arabako eta Burgosko lurraldeak ditu inguruan: bailara zabal batean, baso sarriz inguratuta dago, Nerbioi ibaiaren ibilguko Gorobel mendizerran, harri eta hormek osatzen duten harresi natural indartsuaren babesean.

Kokaleku estrategiko paregabe horri esker, Urduñak etengabe gora egin duen maila ekonomikoari eutsi ahal izan dio, eta kulturaren eta merkataritzaren arloetan aurreneko tokietan egoteko aukera eman dio horrek. Bertako hirigune historikoan, armarriz hornitutako eraikin eta monumentu ugaritan mirets dezakegu gaur egun bikaintasun hori, eta baita bertako harresian eta Erdi Aroko hiri-sarean ere.

Historiak nabarmendu dituen hainbat pertsonaren sehaska da Urduña: Andres Poza lizentziatua, geografoa eta matematikaria; Joan Garai, Buenos Aires hiriaren fundatzailea; Pedro Bardeci, Txilen misiolari ibili zena; Joan Urdanegi, hegoaldeko itsasoetako erregeordea; Jose Antonio Armona, Madrilgo gorteko korrejidorea, etab.

Bilbotik eta Gasteiztik nahiko gertu dago, natur ingurune eder eta lasaian, eta horri esker, lehen mailako turismo gune bihurtu da. Berez duen edertasunari aisialdiko eskaintza zabala erantsi behar zaio, gainera, eta horregatik, bailara hau lehentasunezko gune da naturarekin lotuta dauden ekintzak egiteko. Ur mineral sendagarriko Aduana Bainuetxe Hotela zabaltzeak, bestalde, gaur egungo bizimodu mugitutik ihes eginda, atseden hartzeko leku paregabe bihurtu du Urduña.

Orain, etorkizunera begira jarri da bizitzeko, lan egiteko, ikasteko, gozatzeko hiri egokia da; hiri lasaia, baina indarberritua, inbertitzeko ideala.

Horregatik guztiagatik, Urduñako hiritar guztien izenean, gu ezagutzeko gonbita egin nahi dizuet. Urduñak zabalik dauka bihotza zuentzat.