Udalerriaren historia

Armarria

Urduñaren historian bi alderdi hauek nabarmendu behar dira: hesi orografikoa, Urduña mendez mende sendo babestu duena eta Bizkaiko Jaurerriaren defentsan Urduña funtsezko gune bihurtu duena; eta kokapen geografikoa, Araba erdian kokatutako uharte bizkaitarra baita, Gaztelatik itsasorako bidean.

Lehenengo aipamen idatzia Alfontso III.aren kroniketan agertu zen eta VIII. mendeari dagokio, Alfontso I.a Katolikoaren garaiari. Erreferentzia idatzien aurrekoak dira inguruan aurkitutako historiaurreko arrastoak, Neolitikokoak eta Brontze Arokoak (K.a. 2000-400). La Choza zelaiko trikuharria izenez ezagutzen dira.

Urduña 1229. urtean fundatu zen hiribildu gisa, Bizkaiko seigarren Jaunak, Lope Diaz de Harok, hiri gutuna eman zionean. Fundatu zenetik argi ikusi zen merkataritzarako enklabe estrategiko modura zuen garrantzia, batez ere Ipar Europak Gaztelako artilea lortzeko erresuma horrekin egiten zituen salerosketei dagokienez, hiribildu honetatik pasa behar baitzuten. Horren ondorioz, Bizkaiko Jaurerriko hiri titulua eman zioten 1467an, eta halaxe erakusten du Enrike IV.aren errege zedulak.

XVI. eta XVII. mendeak garrantzi handikoak izan ziren Urduñaren garapen ekonomikoari dagokionez, 1535. urtean sute handi batek ia hiri osoa kiskali bazuen ere. Izan ere, merkataritza plaza handi modura sendotuta jada, eskualdean eta nazioartean proiekzio handia izatea lortu baitzuen.

XVIII. mende osoan Urduña Gaztelarekin lotzen zuen gurdibidea hobetzen ahalegindu ziren, eta azkenean, 1774. urtean bide berria inauguratu zuten. Aduanaren eraikina eginez osatu zen lan hura, Karlos II.aren eta Karlos IV.aren erregealdien artean. Aduana etxea funtzio horrekin 1792an hasi zen lanean, eta hiriko merkataritza salerosketen gune bihurtu zen laster.

XIX. mendeak halako gainbehera bat ekarri zuen Urduñara, alde batetik mende horretan izan ziren gerra ugarien ondorioz, eta bestetik, 1841ean aduanak kostaldera eraman zirelako. Horren guztiaren ondorioz, hiriak ordura arte bete zuen lehentasunezko tokia galdu zuen, eta karlisten lehen porrota gertatu ondoren, foruak galdu ziren.

Joan den mendean, 1936ko gerraren ondorioz, armada frankistak gerra-presoentzako kontzentrazio- esparru bat eta presondegi nagusi bat ezarri zituen. 50.000 bat pertsona giltzapetu zituzten bertan bizitzeko baldintza penagarrian 1937tik 1941era. Horren guztiaren ondorioz, 225 lagun, gutxienez, hil egin ziren.

Industriaren garapena oso txikia izan zen hirian, baina neurri batean horrek bere ondareari eta baliabide historikoei edota ingurumen ondareari eusteko modua eman dio.