Urduñako espetxe zentrala

1939. urtearen amaieran jesuiten ikastetxe ohia, ordura arte kontzentrazio esparrua izan zena, Urduñako Presondegi Nagusi bihurtu zen. Espetxe zibila izan zen, batez ere arrazoi politikoengatik kondenaturik zeuden milaka preso hartu zituen, eta urte eta erdi iraun zuen zabalik.

Presoak, gizonezkoak guztiak, kontzentrazio esparruan egon zirenak baino zaharragoak ziren. Gehienak Ciudad Real, Malaga eta batez ere Badajozeekoak –La Serena eskualdekoak asko– ziren. Kontzentrazio esparruko gerra garaiko presoak ez bezala, presondegiko gatibuak ez ziren gerra-tokitik etortzen, Castuera bezalako beste espetxe edo kontzentrazio esparruetatik baizik.

Jasan behar izan zuten osasun falta, miseria, bortizkeria eta gosearen ondorioz, 201 pertsona hil ziren, gehienak goseak jota. Hildakoen bataz besteko profila bat dator Badajozeko 49 urteko nekazariarekin. Gorpuak udal hilerrian lurperatu zituzten. 2013an hilerriko atean Udalak plaka bat jarri zuen euren omenez, eta 2014an Aranzadi Zientzia Elkarteak horietako hamalau atera zituen hobitik.
  • Omenaldia
  • Espetxe zentrala