Urduñak baliorik gabe utzi ditu Francori eta frankismoarekin lotutako beste pertsona batzuei emandako titulu eta dominak

Urduñako Udalak balio barik utzi ditu Francisco Francori eta diktadura frankistarekin lotutako hainbat pertsonei eta instituzioei emandako dominak eta beste ohorezko tituluei buruzko hainbat akordio.

Aho batez onartu zuten zinegotzi guztiek 2016ko uztailaren 11n izandako ohiz kanpoko udalbatzan Urduña 1936 ekimenak bultzatutako adierazpen instituzionala.

Baliogabetu diren akordioen artean, nabarmentzekoak dira 1967an Francisco Franco betiko ohorezko alkate izendatzeari buruz hartu zena, eta 1961ean hiriko brillantezko domina Francori emateko hartu zena, orain arte eman den lehena eta bakarra, alegia.

Halaber, Udalak deuseztatu egin ditu Angel Salas Larrazabali buruzko hiru akordio. Izan ere, 1942an Udalak hiriko seme kutun izendatu zuen pilotu frankista urduñarra zena, 1959an aginte makila eman zion, eta 1968an hiriko urrezko domina. Salas Larrazabalek 1936ko uztailaren 22an Otxandio herriaren bonbardaketan parte hartu zuen, 60 bat lagunen –gehienak zibilak– heriotza eraginez.

2016ko uztailan sarraskiaren 80. urtemuga zela eta Otxandion egin zen omenaldi-ekitaldian, Urduñak barkamena eskatu zuen jada balio barik geratu diren ohore horiek guztiak eman izanagatik. Otxandioko Udalak eskerrak eman zizkion Urduñari egindako lanarengatik, eta Urduña ohoratzen duen keinu eredugarria dela adierazi zuen.

Adierazpen instituzionala (PDF 320KB)


 

Urduñako alkatea, Miguel Penas Aguilera, Francisco Francorekin El Pardon 1965eko ekainean.






 



Otxandio bonbardaketaren ostean, 1936ko erasoaren lekuko izan zen Santiago Kapanagak margotua.