Argentinako kereila

Urduñako Udalak kereila kriminala aurkeztea erabaki du Buenos Aireseko (Argentina) 1 zenbakiko Epaitegi Nazionalaren aurrean, diktadura frankistak gizateriaren aurka egin zituen krimenak –udalerriko lagunengan eragina izan zutenak– iker daitezen, irekita dagoen auzia dela eta.

2017ko urtarrilaren 25eko Udalbatzak aho batez hartu zuen akordioaren arabera, Udalak krimen horiek ikertzea eskatuko du arduradun zuzenak nortzuk izan ziren jakiteko, eta ondoren, hala badagokio, erantzuleak inputatu, prozesatu, epaitu eta zigortuak izan daitezen. Halaber, Udalak, helburu bera duela, kereila kriminala jartzea erabaki du eskualdeko instrukzio epaitegiaren aurrean.

Urduñako Udalak 2013an bat egin zuen Argentinan Maria Servini de Cubria epaileak aurrera daraman kereilarekin, 1936 eta 1977 urteen artean frankismoak egin zituen genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak argitzeko. Udalbatzaren erabaki horren bitartez faxisten matxinada militarra eta ondorengo diktadura erregimena salatzen da, baita oligarkiaren zati handi batek eta Eliza katolikoaren buruek kolpistei eman zieten laguntza ere.

Urduñako alkate zena, Carlos Arranz, Argentinara joan zen 2013an Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarren Partaidetzaren Batzordarekin besteak beste, frankismoaren biktimen aitorpena babesteko, eta Urduñako kontzentrazio esparruan eta Presondegi nagusian gertatutako gehiegikeriak salatzeko.

Frankismoaren krimenen aurkako kereilari atxikimendua eta laguntzarako Osoko Bilkura Akordioa (PDF 716KB)

  • María Servini de Cubría epailea
  • Ordezkaritza