Biktimak hobitik ateratzea

Urduñako Udalak eskatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak 14 giza-eskeleto atera zituen hobitik 2014ko abuztuan. Udal hilerrian dauden horma-hilobien guneko korridorea estaltzen duen hormigoizko geruzaren azpian zeuden, bi lerrotan.

Azterketa sakonagoa egin zain, Aranzadik jakinarazitako lehenengo emaitzen arabera, lurperatze horiek Urduñako Presondegi Nagusian preso zeuden frankismoaren errepresioaren 14 biktimei dagozkie, eta lur sail horretan bertan lurpetik atera barik daudenen zati txikia baino ez da.

Gorpuzki guztiak gizonezko helduei dagozkie. Egurrezko hilkutxetan sartu eta lurperatu egin zituzten, nor bere hobian, ahoz gorako etzaneran, burua Mendebaldeari begira eta sakontasun kota berean (0,60 eta 0,80 m bitartean). Bakarren batek ere ez du heriotza justifikatuko lukeen lesio traumatikorik.

Biktimek, haien familiek eta gizarte osoak gerraren eta diktaduraren ondorioz jazotako gehiegikerien gaineko egia jakiteko duten eskubidea erabiltze aldera, eta justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea sustatze aldera Urduñako Udalak bultzatu dituen ekintzen artean kokatuta dago burutako ekintza hori.