Gerrako arkeologia Askuren mendian

Amurrio eta Urduñaren artean dagoen Askuren mendian 1936ko gerran izan ziren posizioen analisia, dokumentazioa eta balioztatzea egiten ari da EHUko arkeologia-ikertzaile talde bat, azken borrokak amaitu eta 80 urte igaro eta gero.
Eremu hori –San Pedro edo Beratza izenekin ere ezaguna dena– gerra hasieran soldadu matxinoek hartu bazuten ere, indar errepublikanoek berreskuratu eta gotortu egin zuten eraso berriei aurre egin ahal izateko.
Urduñako Udalak eskatuta, talde ikertzaileak lur sail honetako defentsa-sistema osatzen duten egituren irakurketa topografikoa egin du: lubakiak, zementuzko gotorlekuak, babeslekuak, tiro egiteko zuloak eta 40 metro luzeko galeria bat ere bai. Horrela, Euskal Herrian hobekien kontserbatu izan den 1936ko gerrako gudu-zelaietako baten gaineko ikuspegi orokorra edukitzea lortu da.
Indusketari esker bala-zorroak, sukaldatzeko tresnak eta gudariek erabilitako hainbat gauza berreskuratu dira, hala nola, garai hartako egunkari baten zati bat, alegia 1937ko maiatzaren 5eko Euzkadi egunkari ale baten puska bat, Gernikako bonbardaketaren berri ematen zuena.
2018an, beste gauza batzuen artean, Manuel Mogrovejo miliziano komunista zornotzarraren identifikazio txapa aurkitu da. Mogrovejo Askuren tontorrean borrokatu zen 19 urte besterik ez zuela, baina indar frankisten garaipenaren ostean, Frantziara jo zuen, Gurseko  errefuxiatu esparruan sartu zuten, eta handik gutxira Frantziako Legioko kide bihurtu zen. Bigarren Mundu-Gerran naziek harrapatu eta Mauthausen-Gusengo (Austria) kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta bertan egon zen irten ezinik 1945ean indar aliatuek askatu zuten arte.
Ikerketa eta sozializazio lan hauek Amurrioko Udalarekin eta Aztarna elkartearekin elkarlanean burutzen ari dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria den Josu Santamarinaren eta Xurxo Ayan doktorearen zuzendaritzapean.

Manuel Mogrovejo milizianoaren identifikazio-txapari buruzko txostena (PDF 1,79MB)

Urduña, Beratza mendiko lubakietatik.

Berreskuratu berri den Beratzako lubaki bat.

Lubaki batean aurkitutako gerra garaiko egunkari paper-puska.

Manuel Mogrovejo milizianoaren identifikazio txapa, Askuren mendian aurkitua.