Datu orokorrak

Udalerria UDALERRIA

Urduña Burgosen eta Arabako Aiarako zein Arrastariako lurren artean dagoen kokaleku bizkaitarra da. Goi Nerbioiko edo Nervako ibilguko goiburua da, eta, bertatik, Bizkaiko lurraldean barruratzen da. Itsas mailatik 297 metrora dago kokatuta, eta 33,6 km-ko azalera du.

 

Orografia OROGRAFIA

Urduñako udalerria mendizerra menditsuko oinaldean dago kokatuta, eta, arlo administratiboari dagokionez, Arratia-Nerbioi eskualdekoa da. Naturaren eta paisaiaren aldetik, ordea, Arabako Aiarako eskualde mugakidearekin partekatzen du bailara, eta, bailara arabarrak estu-estuak badira ere, Urduñako kubetak eremu zabala eskaintzen die biztanleei, soloei nahiz bazkalekuei.
Nerbioi ibaia Guibijo mendizerran sortzen da, eta, Nervako Haitzetan, mendian behera egiten du Delicako haitzarterantz 270 metroko ur-jauzi ikusgarri moduan. Gero, bailara ekialdetik zeharkatu ostean, Urduñatik igarotzen da, eta erreketako urak daramatza herrestan. Bestetik, honako hauxe ere badago Urduñako bailara osoan zehar: ur gaziko iturburuak (La Muera), iturri burdintsu zein sulfurotsuak, urmaelak eta leizeak.


Klima KLIMA 

Urduñan, klima ozeanikoa da nagusi: hezea, epela eta urte osoan sakabanatutako euriak. Tenperaturak moderatuak direnez, gutxienekoak 8º eta 10º artekoak dira; eta gehienezkoak, 20º eta 22º artekoak. "Bollo" izeneko fenomeno meteorologiko ezaguna ere nabarmendu beharra dago. Hain zuzen ere, Burgoseko Losako bailara hurbileko laino hotz bezain astunak bailarako hutsartetik jausi eta Urduñako laino termiko beroagoekin talka egiten dutenean gertatzen da fenomeno hori, hotzaren eta beroaren arteko erreakzioaren ondorioz batez ere neguan antzematen den laino-zurrunbiloa eratzen delako.


Basoa FLORA ETA FAUNA

Urduñako lur zati zabala, 600 metrotik gora dagoen eremua, pagadiz beteta dago. Altuera hortik behera, ordea, erkameztiak dira nagusi konifero-sailak eta landazabal atlantiko oparoekin batera.
Urduña Natura 2000 Sarean dago, eta haren lurraldea Gorobel Mendilerroko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (BBE) zati da amildegietan hazten diren hegazti harrapari eta belatxingengatik, batez ere. Guztien artean sai arrea dugu nagusi.
Inguru honek Iberiar Penintsulako hegazti ugaltzaileen aniztasun mailarik handiena du, eta Lopinga achine bezalako tximeleta bakanak babesteko eremurik inportanteenetakoa da. Hamar bat anfibio espezie bizi dira bertan, eta bakoitzaren babes kategoriari erreparatuz gero, gailurretako uhandrea eta baso-igel jauzkaria nabarmendu behar dira. Eta ugaztunen artean, igaraba arrunta eta bisoi europarra.


OSAKETA
Belandia
Hirigune nagusia ez ezik, Urduñako udalerriak Ruzabalgo Batzako herrixkak ere baditu osagai: Belandia, Mendeika, Lendoñogoiti eta Lendoñobeiti. Bertan, gobernu-organo zehatzak badituzte ere, hirikoen menpe daude.







ArtzaintzaJARDUERA EKONOMIKOA

Zerbitzuen sektorea da nagusi, biztanle aktibo gehienek bertan lan egiten dute-eta. Horrez gain, turismoa ere gero eta ugariagoa da hirian nahiz eskualdean. Sektore industriala goitik behera birmoldatu da, eta bi industrialde daude gaur egun. Nekazaritza eta abeltzaintza nabariak dira Rubazalgo Batzako herrixketan.