Albisteak

 

Otxomaio jaietan txosna jartzeko eskaera egiteko epea otsailaren 13an bukatuko da. Urduñako udalak lonjetan eta kalean txosna zerbitzua eskaintzeko araudia sortu du. Bertan, txosnak jartzeko bete beharreko ezaugarriak eta baldintzak zehaztu dituzte. Hala, egoitza soziala Urduñan duten elkarteek, kirol eta kultur taldeek soilik jarri ahalko dute txosna. Bete eskakizunetako bat azken urtean biztanle ororentzat irekia den ekitaldiren bat antolatu izana da.
 

Lonjetako txosnak
Txosnak lonjetan jartzeko apustua egiten dutenek udaletxeko lizentzia eskuratu beharko dute, baita jabearen baimen idatzia ere. Espazio publikoan zein lonjetan kokatutako txosnek ezingo dute kalean altabozik jarri, eta musikaren muga 80 dezibeliotakoa izango da.

Kaleko txosnak
Kaleko txosnak, berriz, udalak baimendutako lekuetan bakarrik jarri ahalko dira.Tamainari dagokionez gehienez 6 metroko luzeera eta 4 metroko zabalera izan ahalko dute, eta ur edangarria eta isurbidea eduki beharko dute. Baita su itzalgailua ere. Horrez gain, lurreko kableteria babestuta egon beharko da, oinezko eta ibilgailuak ez eragozteko. Haatik, kableak zintzilikatzea hobetsiko da.

Bestelako neurriak
Urduñako txosnetan ezingo da 18 urte beherakoei edari alkoholdunik saldu. Hizkuntzari dagokionez, kartel guztiak euskaraz eta gazteleraz idatzita egon beharko dira. Ordutegiari dagokionez musika 6:30ak arte jarri ahalko da, txosnen itxiera muga 7:00etan izango delarik. Bestalde, txosna jarri ahal izateko jaien baitan ekitaldi bat antolatu beharko dute interesatuek. Udalak behar izanez gero espazio publikoan mahaiak eta aulkiak jartzeko aukera izango du. Horretarako, eskaera egiten duenak mahai eta aulki kopurua zehaztu beharko du, beti ere 12:00etatik 21:00etara erabiltzeko aukerarekin. Hiria garbi mantendu asmoz, txosnetan pilatutako zaborra egunero atera beharko da gunetik. Informazio gehiago nahi izanez gero www.urduna.com webgunean kontsulta liteke.

Iragarkia (PDF 12KB)

Araudia (PDF 48KB)