Albisteak

 

Saratxoko errepideko aferari berehala heltzeko eskatu dute Urduña, Amurrio, Arrastaria, Larruazabal eta Saratxoko ordezkariek. Azpimarratu dutenez, urrats berriak ematea ezinbestekoa da, "aitzakiak alboratu eta errepideari behingoz konponbidea ematea beharrezkoa da". Otsailaren 18an Urduñako udalak deituta alkate eta ordezkariak elkartu ziren. Izan ere, egunero asko dira ibilgailuekin bertatik pasatzen diren herritarrak. Horregatik Urduña eta Amurrioko azkenengo udalbatzetan adierazpen instituzionala onartu zuten alderdi politikoen adostasun osoarekin.
Adierazpen instituzionala
Azaroaren 19an Arabako Batzar Nagusietan onartutako mozioaren bidez A-625 errepideko proiektua moldatu eta A-625 errepidea egokitzea exijitu zaio Arabako Foru Aldundiari. Batetik, Amurrio eta Urduña arteko errepidean trafikoaren mugikortasuna eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Eta, bestetik, industriagunea Diputazioak kudeatzen duen errepide sarean txertatu ahal izateko. Hala, Arabako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari urgenteki neurriak hartzeko eskatu diete, erabiltzaileen segurtasuna handitu eta inplikatutako parte guztiekin adostasuna lortu eta bidea hobetu dezaten.

Urduña eta Amurrio lotzen dituen A625 errepideak “gune iluna” du, istripu asko egon baitira bertan, horietako batzuk hildakoak eragin dituztelarik. Egoeraren aurrean, Urduña, Amurrio, Arrastaria, Larruazabal eta Saratxok Arabako Foru Aldundiari ahalik eta lasterren aipatutako aldaketei heltzeko beharra adierazi diote, 2015eko aurrekontuetako partida bat beharrezkoa balitz proiektua moldatzeko zerbitzuaren kontrataziora bideratzeko eskatuz. Ildo beretik, aurten adierazitako baldintzetan obrak egingo ez balira aurrekontua bideratzeko beharra nabarmendu dute, errepide horretan segurtasuna bermatzeko lanek aurrera egin dezaten.