Albisteak

 

Amurriok utzitako lekukoa hartuko du aurten Urduñak, hirian izango baita Euskararen Eguna dela eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatu duen eskualdeko jai handia. Abenduaren 3an izango da, igandean, eta '30 egun euskaraz' kanpainaren bukaerako jaiarekin bat egingo du. Foru plazako eta inguruetako trafikoa moztuko dute egun horretan eskualdeko herrietatik etorriko diren lagunei harrera egiteko. Aldarrikapen ekitaldiaz gain, Ahobizi eta Belarripresten dantza, haurrentzako jolasak, bazkaria, Hilean bariku bat taldearen kontzertua, diskofesta eta txokolate jana egongo dira. Hala ere, azaroaren 22tik aurrera ere hamaika ekintza egongo dira hirian euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Kanpaina arrakastatsua

Urduñan 500 pertsona baino gehiagok izena eman dute Ahobizi edo Belarriprest izateko eta euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko '30 egun euskaraz' kanpainan. Udalak nabarmendu du "txalotzekoa" izan dela herritarren jarrera euskararen alde eta jaian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.