Albisteak

 
Aurreko asteartean, maiatzak 28, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Eguna izan zen, arlo horretan oraindik ere desberdintasun handiak nabari dira eta. Hori ardatz hartuta, Urduñako Udaleko Berdintasun Arloak goizeko jardunaldi tematiko bat antolatu du igande honetarako, ekainak 2. Bertan landuko dute, batez ere, nutrizioaren garrantzia osasun egokia lortzeko, berekizi emakumeen kasuan.

Egitaraua 11:00etan hasiko da Foru plazan. Bertatik partehartzaileek paseo erraza osatuko dute Urduñatik, bizitza aktiboa sustatzeko asmoz. 12:00etan Esti Olabarri dietista nutrizionistak hitzaldia eskainiko du Alondegian. Bertan landuko da nutrizioaren garrantzia emakumeei bereziki eragiten dieten gaixotasunak saihestu edo apaltzeko -gaixotasun ginekologikoak kasu-, edo bizitzako hainbat atalen garapenean, haurdunaldia edo menopausia kasu. Saioaren ondoren mokadu osasuntsua eskainiko da.

Parte hartzea doan izango da eta ez da beharrezkoa izena ematea. Arlotik ere azpimarratu dute kanpoko ekintza bertan behera geratuko dela eguraldia desatsegina bada.

Kartela (PDF; 2,11MB)