Albisteak

 

Urduñako udalbatzak aho batez onartu du, urriaren 25eko saioan, gaur egun udaletxe aurrean jarrita dagoen Jesusen Bihotz Sakratuaren irudia kentzea. 1938ko ekainean jarri zuten bertan, tropa frankistak hirian sartu ziren egunaren lehen urteurrena ospatzeko eta, beraz, Diktaduraren ikurtzat jo da.

Urduñako Udalbatzak 2012ko maiatzaren 31an onartu zuen memoria historikoaren adierazpena. Horren arabera, udalak konpromisoa hartzen zuen eraikin eta espazio publikoetako ikur frankistak kentzeko eta hiriko memoria historikoaren berreskurapena sustatzeko. Ordutik hainbat ekimen burutu ditu Udalak. Besteak beste, baliorik gabe utzi zituen Francisco Frankori eta diktadura frankistarekin lotutako hainbat pertsonei eta erakundeei emandako dominak eta beste ohorezko tituluei buruzko hainbat akordio. 2014an ere Aranzadi Zientzia Elkarteak Urduñako kontzentrazio esparruan eta kartzelan hildako 14 biktimen gorpuak berreskuratu zituen udal hilerritik.

Biktima gehiago berreskuratzeko

Halaber, urriaren 25eko saioan udalbatzak behin betiko onartu zuen hilerriko 204 horma-hobien ehorzte-eskubideen kontzesioak iraungitzea. Ekimen hori ekainean onartu zen, izan ere, errepresio frankistaren biktimen gorpuzkiak lokalizatu, berreskuratu eta identifikatzeko lanak atzeratuko lituzke hilkutxa gehiago ehorzteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hasitako lanekin jarraitzeko asmoa dago. Ehorzte-eskubide horien jabeen aurrean aurkeztu zuten erabakia eta ondoren proiektu horren aurkako arrazoibideak aurkezteko epea zabaldu zen, hala ere, ez da alegaziorik aurkeztu.