Albisteak

 

• Kopuru hori iazkoa baino 200.000€ handiagoa da
• 2019 honetan burutuko diren proiektuen artean Ctra. Vitoria bidearen urbanizatzea
dago

Urduñako Udalak atzo onartu zituen, ezohiko osoko bilkuran eta behin behinean, 2019ko ekitaldiari dagozkion aurrekontuak. Udalak, EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin, 4.699.951,48 €ko aurrekontua aurrera atera zuen. 2018koa baino 207.542 € gehiago dituen kopurua.

Kopuru hori Bizkaiko Foru Aldundiaren zerga-bilketan izandako igoerari esker gehitu da, horrek ekitaldi honetan Urduñak ere sarrera handiagoak izatea ekarriko du. Eusko Jaurlaritza edo Aldundiaren transferentzia arrunt horietatik 3.191.788€ aurreikusten dira. Ohikoa denez, hiriak bestelako sarrerak izango ditu OHZ bezalako zerga zuzenen bitartez, zabor- edo garbiketa-tasen nahiz zeharkako zergen bidez.

Inbertsioak eta proiektuak

Horrekin guztiarekin, urtean zehar hainbat inbertsio burutuko dira. Lan eta Zerbitzuen Sailak bere aurrekontu-sailean 147.390 euroko igoera izan du eta guztira 514.200 € izango ditu. Hainbat ekimen gauzatuko dira, hala nola, pista eta bide publikoen inbentarioa, bideen konponketa, harresiaren argiztatzea, futbol zelaian hobekuntzak, irisgarritasun planaren berrikuspena, auzoetan hainbat mantentze lan, ibilgailuak kargatzeko argindar puntu bat instalatzea eta hiri-altzarien erosketa, besteak beste.

Ildo beretik, 2019 honetan Ctra Vitoria bidearen urbanizatzea gauzatuko da, 180.000 €ko kostua izango duen tamaina handiko proiektua. Garrantzia handiko lana da, 2018an Harategi kalean egindakoarekin batera, Urduñako gune hori, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat, kalitate handiagokoa izatea ahalbidetuko duena.

Bi pista hobetzeari ere ekingo zaio, Margondo eta Santa Cristina, iazko euriteengatik larriki kaltetuak izan zirenak. Horren guztiaren gastu osoa 77.644,57 eurokoa da, horren %90 Bizkaiko Foru Aldundiak jarriko du ezustekoen laguntzaren bidez. Era berean, Los Milanos zabortegi edo hondakindegi zaharraren berreskuratzea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak degradatutako guneen berreskurapenerako duen ekarpen baten bidez egingo da.

Ekitaldi honetan mantendu egingo da Kultura, Euskara eta Kirol Sailaren inbertsioa, hala ere, azpimarratu behar da kirol eta kultura talde eta elkarteentzako diru laguntzak igo egingo direla. Gainera, eta euskararen normalizazioa helburu, hizkuntza bultzatuko duten politiketara 2.000 euro gehiago bideratuko dira.

Gizarte Ongizate Sailean nabarmendu behar da Etxez etxeko Laguntza zerbitzura bideratutako 216.000 euroak mantenduko direla. Ekarpen horrek Bizkaiko herrien batezbestekoaren oso gainetik kokatzen du Urduña. Gainera, arlo horrek 'Mugi zaitez! ¡Muévete!' ekimena indartuko du 15.000 euro gehiagorekin eta 'Zainduz' programa abiatuko du 10.000 euroko partidari esker. Azken hori menpekotasuna duten senideak zaintzen dituztenei zuzenduta egongo da. Bestetik, Berdintasunak iaz baino 6.500 € gehiago izango ditu, igoera bere aurrekontuaren % 22koa izanik.

Ekonomia Sustapenari dagokionez, formakuntza eta enplegu dinamizazio jarduerentzako kontusailak handitu egin dira. Gainera, Lehenengo Sektorea indartzera eta Behargintza zerbitzura zuzendutako diru poltsak mantenduko dira.

Zorra

2018ko abenduaren 31ko datarekin Udalak 897.071,3 eurotako zorra dauka ordainkizun 2004 eta 2005eko BBKren maileguengatik, eta Urduñederrak 1.732.627,36 euroko zorra du ordaintzeke 2005 eta 2007ko BBKren eta La Caixaren maileguengatik, hurrenez hurren. 2016. urtean IDAEren mailegu bat jaso zen 399.167,45 eurotakoa argiteria aldatzeko.

2019an zorretan ordaindu beharrekoa guztira 337.764,60 eurokoa izango da, aipatutako maileguetan banatuta: Udalari egindakoak (157.254€), Urduñederrari (136.158,60€) eta IDAEren bigarren kuota (44.352€). Azpimarratu beharra dago 2017an LED argiteria instalatzeak argiztapenean 51.381€ aurreztea ahalbidetu duela 2018an 2016 urtearekin alderatuta.