Albisteak

 

Urduñako Udalak aurtengo aurrekontuen hasierako onarpena babestu zuen atzoko ezohiko udalbatzan. Udalak aurrera atera zuen 4.492.409,00 euroko aurrekontua, EH Bilduko aldeko bozkekin. EAJ-PNVk kontra bozkatu zuen. Zifra hori 2017koa baino 220.000 euro handiagoa da.

Sarrerak

Gaur egun Udalak dituen diru-sarrerak hainbat bidetik datoz: zuzeneko zergak (829.543,96€), zerga ez-zuzenak (50.000€), tasak (531.857,24€) diru-laguntzak (2.984,345,80€), ondare sarrerak (37.000€) eta kapital transferentziak (59.662,00€).

Gastuak, arloz arlo

Ogasuna eta barne erregimenari dagokion gastua totalaren %40,10a izango da, ongizate arloak aurrekontuaren %16,33a, hirigintza eta ingurumenari dagokion gastua %15,30 izatea aurreikusi du Udalak. Kultur edo kirol ekintzak, euskara, edo hezkuntzarako aurrekontuaren %10,52a bideratuko du Urduñak, sustapen ekonomikora %8,96a eta beste lan eta zerbitzu batzuetara %8,16a.

Inbertsioak

Gastu finko eta inbertsioen aurreikuspen hori mahai gainean kalkulatu dira 2018ko inbertsioak. Guztira 233.000€ izango dira. Horien artean azpimarratzekoa da hiri altzariak berritzeko partida, igerilekuen inguruan egingo diren hobekuntzak, skate pistakoak , haurreskolako eraikinari dagozkionak edo autokarabanen aparkalekukoak. Erretiratuen klubeko sarrerako ateak ere konponduko dira aurten eta hainbat bide publiko eta Tras Santiago ingurua. Los Milanoseko zabortegia zigilatzea (35.000€) ere aurreikusi da aurtekon egitaldirako.

Halaber, nabarmentzekoa da Udaleko Ekonomia Sustapeneko arloak 22.100 euroko diru laguntza jaso duela Harategi kalean lanak egin eta aldi bereko izaera emateko, hau da, oinezkoek lehentasuna izango dute autoen aurrean. Eskatu dira baita ere diru-laguntzak harresi inguruko argiteria publikora bideratzeko.

Zorra

2017ko abenduaren 31an, 1.054.090,93 eurokoa da Urduñako Udalak ordaintzeke duen zorra, 2004 eta 2005ean BBKtik jasotako maileguengatik. Urduñederrak 1.850.265,14€ euroko zorra dauka, 2005 eta 2007 urteetan BBK eta La Caixatik, hurrenez urren, jasotako maileguengatik. 2016. urtean 399.167,45 euroko mailegua jaso zuen Udalak IDAEtik argiztapena berritzeko. 10 urteko epean ordaintzeko beharra dago baina lehenengo urtean salbuetsita egon da. Hori dela eta 2018an egingo da lehenengo ordainketa.
2018an zorrari dagokionez 349.014,12€ ordainduko dira, aipatutako Udalaren (166.654€), Urduñederraren (138.008,12€) maileguei dagokienez eta IDAEko lehenengo kuotari dagokionez (44.352,00€). Aipatzekoa da 2017an 33.893,27€ aurreztu direla LED teknologiari esker.

Partehartzea

Otsailaren 15ean, ostegunean, Alondegian aurrekontuak azaltzeko biltzarra izan zen. Saio horretan udal-aurrekontua zer den azaldu zuten, nola egiten den eta zalantzak argitzeko aukera egon zen.