Albisteak

 
Nerbioi-Ibaizabal Gaztedi ekimenak eskualdeko gazte langabetuentzako 15 beka eskainiko ditu 2018an gazte horien lan merkaturatzea sustatuz euren trebakuntza profesional edo akademikoarekin harremana duten tokiko enpresetan.
Nerbioi-Ibaizabal Gaztedi Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalek abian jarri duten ekimena da eta, beste hainbat helbururen artean, besteren konturako enplegua sustatu nahi du eskualdeko gazteen artean. Bekak eskatu behar dira Kultura eta Gazteria zerbitzuan (kultura@urduna.com) eta horretarako epea otsailaren 28an amaituko da.
6 hilabetez
Beka horiei esker 18 eta 25 urte bitarteko gazteek eskualdeko enpresetan beka ez-laboralak egiteko aukera izango dute 6 hilabetez eta, modu horretan, euren lehen lan-esperientzia erraztuko da, etorkizuneko lan merkaturatzea errazteko. Bekadun bakoitzak hilero 460 euro garbi inguru jasoko ditu.
Eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
• Nerbioi Ibaizabal eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea (Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio).
• Profesionaltasun Ziurtagiriaren, Lanbide Heziketako Gradu Ertain edo Goi-mailako Graduaren tituluren edo unibertsitate-tituluren bat izatea.
• Jasotako trebakuntza alorrean hiru hilabeteko lan-esperientzia baino gehiago ez izatea.
• Lanbiden izena-emana izatea.
Praktikak enpresen egoitzetan burutuko dira horretarako izendatutako tutorearen zuzendaritzapean eta ikuskapenarekin. Praktika epea amaitzean, pertsona gazteek enpresaren egiaztagiri bat jasoko dute eta bertan trebakuntza edukiak eta praktikaren iraupena zehaztuta azalduko dira.
Udal Gaztedi Nerbioi Ibaizabal ekimenak, 2015. urtean abian jarri zena, dagoeneko eskualdeko 23 gazteri aukera eman die eskualdeko enpresetan praktika ez-laboralak egiteko.
Argibide gehiago: http://www.nerbioiibaizabalgaztedi.eus/