Albisteak

 
Otsailaren 10etik 18ra Aratusteak izango dira Urduñako kaleetako protagonistak. Larunbatean, 10ean, ohiko mozorro lehiaketa egingo da Foru plazan. Horretan izena emateko epea 17:00etatik 18:00etara egongo da zabalik plazan bertan eta 18:30etatik aurrera izango da desfilea. Buruhandi eta erraldoiez gain, Akelarre Txarangak ere girotuko du arratsaldea. 19:30etatik aurrera jantzi ederrenen sariak banatuko dituzte. Heldu, gazte zein haurren taldeentzat 100€, 75€ eta 40€-ko sariak egongo dira. Bakarkako mozorro onenek 30 euroko saria jasoko dute, helduen zein haurren kategorian. Bestetik, 11n Santa Zezilia bandak eskainiko du kontzertua eta 13an txokolate jana eta diskofesta egingo dira. Jaia 18an bukatuko da Getxa Goi txistulari taldearen kontzertuarekin 13:15ean.
Bestetik, eta inauteriak ospatzeko, Erretiratuen Klubak ere luntxa eskainiko du bere egoitzan (Foru Plaza, 9). Jaia otsailaren 13an izango da, asteartean, 19:00etatik aurrera. Mozorrotuta joateko gonbita luzatu dute antolatzaileek.