Albisteak

 

Urduñako Udala azken ukituak ematen ari da hurrengo astelehean, abenduaren 5ean, liburutegi berria zabaltzeko. Zerbitzua Kultur Etxetik Alondegira mugitu dute eta asko hobetu da 30.000 euroko inbertsioa suposatu duen proiektuari esker. Liburutegia zabalik egongo da 16:30etik 20:30era, astelehenetik ostiralera, baina hurrengo hilabetetan ordutegia zabaltzeko aukera aztertuko da.

Garbiketa
Besteak beste, artxiboaren garbiketa sakona gauzatu dute eta zaharkituta zeuden hainbat liburuki baztertu dira. Halaber, balio historiko handiko aleen artxibo eta mantentze sistema hobetu da, izan ere, Urduñak XVIII. mendeko liburuak ditu. Liburuki horiek Kultur Etxean atondu den gordailuan egongo dira.

Berritzea
Horri esker, Alondegiko espaziora eraman den liburu bilduma berritu da. Liburu berri asko daude, euskarazko obrak eta gazteei zuzendutako komik bilduma interesgarri bat, besteak beste. Zerbitzu berriak ere etengabeko komunikazioa izango du Urduñako ikastetxeekin eta ikasleek haien ikasgaietan irakurri beharko dituzten liburuak erosiko ditu, maileguan eskaintzeko.

Teknologia berriak oinarri
Aldaketa guzti horiekin batera, teknologia berriei garrantzi berezia ere eman zaio, gaur egungo gizarteak dituen beharretara egokitzen den liburutegi bat eskaintzeko. Horregatik, ordenagailu finko eta Wifi sareaz gain, tabletak, ordenagailu eramangarriak eta liburu elektronikoen irakurgailuak jarriko dira erabiltzaileen eskura. Halaber, liburutegiko berrikuntza guztiak sare sozialetatik eta web orrialdetik jarraitzeko aukera egongo da. Zerbitzua Liburutegien Euskal Sare Publikoaren parte izaten jarraituko du, zeinaren bitartez beste herri batzuetan dauden liburuak kontsultatu daitezkeen.

4 gela, 4 erabilera
Kokapen berriak espazio berritu bat ere eskaintzen du. Alondegiko hirugarren solairuan lau gela egongo dira altzari berriekin. Bi gela handienetan artxiboa eta informatika guneak kokatuko dira. Gune txikienak bakarka ikasteko edo taldeko lanak egiteko atondu dira, 8 eta 16 pertsonentzako tokia dutelarik, hurrenez hurren. Gela guztiek korronte-harguneak izango dituzte, gailu eramangarriak konektatzeko. Haurren liburutegia 2. solairuan egongo da, Topalekutik gertu. Urtean zehar hainbat ekintza burutuko dira bertan.