Albisteak

 
Hurrengo maiatzaren 4an, ostiralean, hasiko dira 2018ko Otxomaio jaiak. 10 egunez egongo da jai giroa Urduñako kaleetatik, maiatzaren 13ra arte. Egun horretan Bihotzaren erreketarekin itzaliko da festa hurrengo urtera arte. Guztira ia 70 ekintza egongo dira eta horien artean adin zein gustu desberdinetako pertsonek gozatzeko aukerak izango dituzte, hiritar zein kanpokoak izan.

Beste behin musika Urduñako jaietako erregina izango da eta, aurten, Glaukomaren rap-reggaea izango da kartel-burua. Maiatzaren 5ean igoko dira Foru plazako agertokira, 00:30etik aurrera. Eskaintzan ere berbena tradizionalak egongo dira, Luhartz, Akerbeltz, Joselu Anaiak edo haurrentzako Kantu Kolore kasu, eta beste proposamen modernoagoak ere: Parranda DJ Gaua, DJ Isma edo Gasteizko Tarantistak Martxan. Beste talde batzuk ere larunbatetako gauak musikaz beteko dituzte: Suaia eta Ama Rebel, Mr Pongo Band edo Radio Revolución, besteak beste. Halaber, Patxi eta Konpaniaren erromeriaz gozatzeko aukera egongo da edota Kosmos Orkestra ezagunarekin.

Tokiko elkarteek ere doinua jarriko diete jaiei. Santa Zezilia musika bandak, adibidez, musika dantzagarria eskainiko du 5ean eta kontzertu handia maiatzaren 8an. Urduñako Oilarrak eta Getxa Goi txistulariek ere kantu poteoa egingo dute 9an, asteazkenean, eta Iñaki Plazak euskal musika emanaldia eskainiko du bere ikasleekin batera 13an, igandean, 18:00etan.

Aurresku eta fandangoa

Dagoeneko ohikoak diren ekintzez gain – paella, tortilla edo bakailaoa pil-pil erara sukaldatzeko gastronomia lehiaketak, Bihotza Konpartsak egiten dituen buruhandi eta erraldoien kalejirak, Antzinako Andra Mari Santutegira egiten diren erromesaldiak, haurrentzako ekintzak edota eskupilota partidak – aurten Erauntsi Dantza Taldeak aurresku eta fandango lehiaketako lehenengo edizioa antolatuko du. Maiatzaren 12an izango da, larunbatean, 18:30etik aurrera Gernika plazan. Aurtengo jaietan ere bolo jaurtiketak, mendi martxak, playback lehiaketak eta hainbat herri bazkari egongo dira. Kaleko antzerki eta ikuskizunak ere ugari izango dira.

Aintzane Okeranza eta Gazte Asanblada

Otxomaio Jai Batzordeak erabaki du aurten Aintzane Okeranza izango dela jaietako txupinera eta jaiak inauguratuko ditu maiatzaren 4an 21:00etan. Urduñarrak parte hartzen du tokiko hainbat ekintzetan eta oso maitatua da hirian, batez ere lorategi publikoen zaintzan egiten duen borondantezko lanagatik aspalditik.

Bestetik, Gazte Asanbladak jasoko du pregoilari izatearen ohorea. Aurten, gainera, haien 20. urteurrena da. Urte hauetan gazteei zein herritargoari zuzendutako hainbat kultura eta aisialdi ekintza antolatu dituzte, zeinen artean nabarmentzen diren Gazte Eguna edota udako solstizioan egiten duten Akelarre jendetsua.

Bigarren urtez Otxomaio Jaietako Batzordeak herri galdeketa bat antolatu zuen herritarrek aurkeztu ditzaten haien proposamenak 2018ko jaietako pregoilaria eta txupinera hautatzeko. On line galdetegiaz gain, Alondegian bozkatzeko buzoia instalatu zen. Guztira jaso eta baloratu dira 130 pertsona baino gehiagoren proposamenak.


Egitaraua ikusi (PDF 10MB)