Albisteak

 
Amurriok utzitako lekukoa hartuko du aurten Urduñak, Hirian izango baita Euskararen Eguna dela eta, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatu duen eskualdeko jai handia. Abenduaren 3an izango da, igandean, eta '30 egun euskaraz' kanpainaren bukaerako jaiarekin bat egingo du. Aldarrikapen ekitaldiaz gain, Ahobizi eta Belarripresten dantza, haurrentzako jolasak, bazkaria, Hilean bariku bat taldearen kontzertua, diskofesta eta txokolate jana egongo dira Foru plazan, nora eskualdeko herritar ugari bertaratuko diren.
Ekitaldi horretara Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega, Arrankudiaga-Zollo, Okondo eta Orozkoko herritarrak etortzea espero da. Udalak informatu du hori dela eta, larrialdi ibilgailuak salbu, gainerako ibilgailuak ezin izango direla ibili plazan eta inguruetan 10:00etatik 16:00etara bitartean. Foru Plazako bide batzuetan ekitaldirako hainbat elementu kokatuko dira, hala nola, eskenatokia, puzgarriak eta mahaiak, eta ondorioz, ezin izango da zirkulaziorik egon.

Kanpaina arrakastatsua

Urduñan 500 pertsonak baino gehiagok izena eman dute Ahobizi edo Belarriprest izateko eta euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko '30 egun euskaraz' kanpainan. Udalak nabarmendu du "txalotzekoa" izan dela elkarte, merkatari eta ostalari zein oroar herritar guztien inplikazioa.