Albisteak

 
«NerbioiTek» programa abiarazi dute Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udalerriek (Arakaldo, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio), bertako gazteek (emakumeek, batez ere) sormen eta fabrikazio digitaleko teknologia berriak erabiltzea sustatzeko. 
Ekimena abenduaren 28an, 29an eta 30ean izango da, Urduñako Alondegia Gizarte Etxean. Horrela, bada, hiru egunean zehar, 3D inprimagailuak erabiltzeko, robotak programatzeko eta jantzi zein osagarrietan elektronika txertatzeko aukera izango dute 16-29 urte bitarteko 45 gaztek. Ikastarook, bestalde, «Gaztedi Nerbioi-Ibaizabal» programa barruan daude, zeinak eskualdeko udalerrietako gazteria atalak eta Bizkaiko Foru Aldundia biltzen baititu.  Ekimenean izena eman ahalko dute eskualdeko udalerrietan erroldatutako gazteek, eta doakoa izango da, Bizkaiko Foru Aldundian sinatutako hitzarmenari esker.
Talde bakoitzak bere alorrean lan egin, eta teknologia-proiektu bat garatuko du. Gainera, landutako objektua etxera eraman ahalko dute parte-hartzaileek, gaia jorratzen jarraitzeko. Aurtengoan, 15 toki izango dira tailer bakoitzerako. 3D inpresio tailerrean, diseinatzeko makinarekin in situ lan egingo dute gazteek, eta askotariko objektuak egingo dituzte. Robotikan, berriz, beren robota muntatu eta programatuko dute, «zuk zeuk egin» kit batekin. Eta, azkenik, ehun-elektronikan, jantzi edo osagarri bat egingo dute material adimentsuekin, hau da, edozein motatako oihal eta ehunetan elektronika txertatzea ahalbidetzen duten materialekin.
Maker mugimenduan oinarrituta dago «NerbioiTek». Bere helburua da gazteek zientziari, ingeniaritzari eta, oro har, sormen-teknologiei buruz dituzten ezagutzak areagotzea, modu dibertigarrian. Gazteek ekimenean izena eman ahalko dute abenduaren 13tik 20ra bitartean, www.nerbioiibaizabalgaztedi.eus webgunean. Doako autobusa egongo da, gazteen joan-etorrietarako.


Argibide gehiago (PDF 776KB)

Oinarriak ikusi (PDF 628KB)