Albisteak

 

Atzo izan zen Urduñako Udala eta Arabako Foru Aldundiaren arteko bilera. Hitzorduan Josu Lopez Ubierna Foru Aldundiko Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua, arloko zuzendaria den Marian Gutierrez, Bide Segurtasuneko eta Mantenuko teknikari bana, EAJ eta EH Bilduko bina ordezkari, Idoia Aginako alkatea eta EH Bilduko Bizkaiko Biltzar Nagusietako bi kide batu ziren.

Urduñako Udalak Aldundiari Saratxo Bizkaiko mugarekin lotzen duen errepide zatia berritzea exijitu zion bileran. Diputatuak aurkeztutako oztopo nagusiena aurrekontu aukera eza izan zen. Hori dela eta, udalak gastu hau 2017ko aurrekontuetan sartzeko beharra azpimarratu zuen. Izan ere, neurriekin eta obren hasierako egutegiarekin soilik izango da posible lanak 2017 eta 2018 urte bitartean garatzea.

A-625 errepideko proiektua, hots, herritarren artean Saratxoko bidea gisa ezagunagoa dena, 2019an amaituko den lege-agintaldiko hirugarren eta azken proiektutzat du Aldundiak, A-124 eta Legutioko errepideen konponketen atzetik. Haatik, Udal Gobernuak urduñako beharren araberako proiektua gauzatzea exijitu dio Aldundiari. Horretarako, lehendabizi, Diputazioak aitortutako istripu gune garrantzitsua murriztea beharrezkoa dela adierazi zuten udal ordezkariek, eta horrekin batera ibilgailu mota guztientzako trafikoa arinduko duten neurriak hartu behar direla. Bigarren neurri horrekin, eguneroko autobus garraioa erraztea lortu nahi da (ikastetxeetakoa, Galdakaoko erietxekoa eta abar). eta era berean, Urduñarentzako XXI.mendera egokitutako errepide komunikazioa lortzea, besteak beste, Elkartegian (Industriagunean) enpresa berrien areagotzea erraz dadin.

Konpromisoak
Diputatuaren esanetan, 2018an hastea lanak da bere asmoa. Alabaina, epe motz eta ertainean garatzeko obrak egingo dituzte: bidearen fresaketa, bide zidorren garbiketa, hormen atonketa, seinaleen eguneraketa, bidegurutzeetan seinale berriak jartzea eta ikusmena oztopatzen duten hormen eraistea, besteak beste.

Urduñako alkateak ekintza guztiak positiboak direla azpimarratu zuen, baina beti ere berehalakotasuna badute: "Orain da Urduñak hitza hartzeko garaia, gure txanda. 20 urte eman ditugu Saratxoko eta Amurrioko erabakiak errespetatzen, bain argi dago denbora kontra dugula. Lege-agintaldi honetan bide berria egingo dela bermatzeko sinatutako akordioak behar ditugu, horregatik tematuta jarraituko dugu lanean, Urduña akordio hauetako parte izan dadin. Hau urduñar guztiek iritzi berdina duten gai bat dela argi dugu: errepide berri bat izatea Urduñaren, herrixken eta lotzen dituen herri guztien eskubidea da".