Albisteak

 

Foru Gobernu Kontseiluak aste honetan lizitaziora atera du A-625 errepidea Amurrioko industrialdeen eta Urduña artean egokitzeko eta berritzeko lanak, 19,1 milioi euroko gehieneko aurrekontuarekin eta lanak gauzatzeko 32 hilabeteko epearekin. Proiektu horrek nabarmen hobetuko du egun istripu ugari izaten dituen bide honen segurtasuna eta erosotasuna. Urduñako Udalak jaso duen informazioaren arabera, lanak 2019ko martxoan hasiko dira.

Proiektuak A-625 errepidearen oinplanoko eta altxaerako trazadura egokitu eta hobetu nahi ditu 354,22 eta 357,3 kilometro puntuen artean, hau da, Bizkaiko probintziarekin muga egiten den gunearen eta Amurrioko industrialdeen artean, sestra aldaketak eta bihurgune arriskutsuak kentzeko, eta herriguneetara eta jabetza partikularretara sartzeko bideak segurtasun irizpideekin antolatzeko. Errepide berria bi norabidekoa izango da eta haren galtzadak 3,50 metroko bi errei, 1,50 metrotik 2,00 metro bitarteko bazterbideak eta 0,75 metroko bermak izango ditu. 

Halaber, desnibelean egingo lotune bat jasotzen du, bide nagusia Amurrioko industrialdeekin lotzeko. Lotura honen diseinuak aldaketak sartu ditu hasiera batean aurreikusitako proiektuan, lurzoruaren okupazioa 6.500 metro kuadroan baino gehiagoan murrizteko eta Nerbioi ibaiaren ibilgutik gehiago aldentzeko. Horrela, Nerbioiko parke lineala hobeto txertatzea ahalbidetu eta haren jarraikortasuna bermatuko da.  

Bestalde, Lekamañako sarbideko biribilgunea egokituta lurzoruaren okupazioa murriztea lortu da, baina haren funtzionaltasunean eta bide segurtasunean inolako kalterik eragin gabe.