Albisteak

 

Jai Batzordeak ebatzi zuen asteazkenean Urduña Abesbatza izango dela aurtengo Otxomaio jaietako talde pregoilaria. Kultura talde horren 50. urteurrena da aurten eta “ilusio handiarekin” hartu dute albistea: “Herritarrei eskerrak eman behar dizkiegu, noski”. Urteurrena ospatzeko ekimen berezi ugari egingo dute aurten eta izendapena unerik gorenetariko bat izango da.

Bestetik, Santiago txurro-denda kudeatzen duen Barakaldoko familia izendatu dute txupinera maiatzean izango diren jaietarako. Juana Santiagok “oso pozik” jaso du albistea. Hala ere, harrituta dagoela adierazi du: “Ez dakit jendea nola oroitu den gutaz”. Santiagok gogoratu du bere gurasoak hasi zirela Otxomaioetan lanean orain dela 60 urte eta, ordutik, lagun on ugari egin ditu hirian: “Urte 1 nuenetik nator jaietara!”. Saltokiak eta familia oso ezagunak eta maitatuak dira Urduñan, izan ere, Aste Santuan ere eskaintzen dituzte gozokiak oso aspalditik.

Hirugarren urtez Otxomaio Jaietako Batzordeak herri galdeketa antolatu zuen herritarrek aurkeztu ditzaten haien proposamenak 2019ko jaietako pregoilaria eta txupineroa hautatzeko. On line galdetegiaz gain, Alondegian bozkatzeko buzoia instalatu zen horretarako. Guztira jaso eta baloratu dira 155 urduñarren proposamenak erabakia hartzeko.