Albisteak

 
Urriaren 28tik azaroaren 1era Urduñan Elikadura Burujabetzaren laugarren astea ospatuko da. Aurten, gainera, tokiko merkataritza sustatzeko kanpainarekin bat egingo du ekimenak. Horretarako Urduñako Atezabal, ACCOR, Urduñako Zaporeak eta Bedarbide elkarteak aritu dira udalarekin elkarlanean.
Bihar ekingo diote asteari, “Regresando al futuro” bideo proiekzioarekin, Urduñako trantsizio agroekologikoaren prozesuan oinarritzen den VSFk sortutako tresnarekin. Hitzordua 19:00etan izango da turismo bulego berrian, Alondegian. Ondoren regresandoalfuturo.org webgunea aurkeztuko dute.
Asteazkenean, urriak 29, Urduñako autokontsumorako baratzetara bisita gidatua egingo dute. Irteera 16:00etan izango da, kultur etxetik. Ostegunean, urriak 30, “Elikadura osasuntsua, nola osatu etxeetan eskoletako menua” tailerra eskainiko du Sabrina Pato sukaldari eta elikaduran adituak. Ekintza 18:00etan izango da, kultur etxean. Ostean, Bizilur eta EHNE Bizkaiak egindako “Elikadura burujabetza Euskal Herrian” bideoa proiektatuko dute kultur etxean, 19:00etan.
Urriaren 31an, berriz, ostiraletako pintxopotea eraldatu egingo dute, bertako produktuekin pintxopote agroekologikoa eskainiko baitute Urduñako ostalariek.
Larunbatean baserritarren merkatuarekin bat egingo du Elikadura Burujabetzaren Asteak. Hala ere, izango da zer ikusi eta ikasia, 11:00etan Sabrina Patok “Familian sukalduz” tailerra eskainiko baitu Alondegian. 12:00etan, aldiz, “Urduña eraikitzeko bidean tokiko produktuak kontsumitu” work kafea abiatuko dute.
Bestalde, urriaren 23az geroztik turismo bulegoan ikusgai dago Bizilur eta Bizkaiko EHNE-ren “Gure lurra, gure etorkizuna” erakusketa.

Argibide gehiago (PDF 368KB)