Albisteak

 
 Urduña eta Amurrio artean dagoen San Pedro mendiko indusketa arkeologikoetan material ugari topatu dute aurten ere. Hala ere, azpimarratzekoa da “Miliciano Manuel Mogrobejo” izena duen plakaren aurkikuntza. Egindako ikerketen arabera, jakin izan dute Amorebietan jaio zela Mogrobejo, 1918ko urriaren 6an. 1936an Leandro Carro batailoian milizianoa zen, 17 urterekin. Talde horretan ere bere anaia José Luis aritzen zen. Leando Carro batailoia Nerbioi Garaian borrokatu zen.
Frantziara alde egin zuen ondoren, eta topatu dutenaren arabera, Mauthausen-Gusen kontzentrazio-esparruan egon zen 5 urtez. Kontzentrazio-esparru horretatik 10.000 pertsona baino gehiago igaro ziren. Horietatik soilik 2.500 atera ziren bizirik eta Mogrobejo horietako bat izen. 1945eko maiatzaren 5ean AEBko tropek esparrua libratu zutenean 26 urte zituen.
Momentuz UPV-EHUko ikerketa taldeak  Manuel Mogrobejoren bi ilobekin jarri da harremanetan, Argentinan bizi direnak. Euskal Prospekzio Taldeari esker topatu dituzte. Hala ere, familiako beste kide batzuekin harremanetan jartzeko asmoz lanean jarraitzen dute.
Indusketa arkeologikoak urriaren 15ean hasi ziren aurten, UPV-EHUko Josu Santamarina Otaola ikerlariak zuzenduta. Urte honetan ere proiektua Amurrio eta Urduñako udalen finantzaketari esker garatu ahal izan da, baita Aztarna elkarte etnografikoaren eta Lezama, Aloria eta Uzkianoko herrien laguntzarekin ere. Aurtengo lanetan, UPV-EHUko Historiako Graduko hainbat ikaslek euren unibertsitate-praktikak San Pedron burutu dituzte.