Albisteak

 
Bizi kalitatea hobetzeko asmoz, Urduñako Udaleko Gizartekintza Arloak 'Mugi zaitez! ¡Muévete!' ekimena burutzen du martxotik. Hiriko pertsona nagusiei bideratutako programa da, buru osasuna zein fisikoa sustatzeko asmoa duena. Urduñako Udalak orain eskaintza hori handitu du estimulazio kognitiboa landuko dute tailer baten bitartez. Asteazkenero izango da, azaroan eta abenduan, eguerdiko 12:00etatik 13:00ak arte Erretiratuen Klubeko egoitzan.
Saio horietan taldekako hainbat ariketa egingo dituzte burua argi mantentzeko helburuarekin eta gizarte harremanak, parte-hartzea zein ikasketak sustatzeko asmoz. Zahartze aktiboaren oinarriak jarraituta egingo da hori, pertsona nagusien autonomia bultzatzeko. Tailerra doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea, nahikoa izango da egun horretan dagokion orduan bertaratzearekin.
'Mugi zaitez! ¡Muévete!' Programaren parte diren beste ekintzetara gehituko da berri hori. Astelehenero, 17:00etatik 18:30etara hitzaldiak eta tailerrak izaten dira klubean gai anitzen inguruan. Urritik hasita, asteartero 12:00etatik 13:00ak arte ere, pertsona nagusiei egokitutako gimnasia saioak daude, mugikortasun murritza duten pertsonek ere haien beharretara egokitutako ariketa bereziak izango dituzte. Halaber, tarteka irteerak egiten dituzte. Azpimarratzekoa da ekintza hauek Urduñako Erretiratuen Klubarekin elkarlanean egiten direla.