Albisteak

 

Atzo egindako ez-ohiko udalbatzan treneko irisgarritasuna bermatzeko lanei lehenbailehen ekiteko eta Maria Luisa Goikoetxea urduñarrari babesa emateko mozioa onartu zen. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa eta bi alderdien (EH Bildu eta EAJ) aldeko bozekin egin zuen aurrera.

Udalbatzak ADIF eta RENFEri Urduñako geltokiak dituen gabeziak ahalik eta lasterren konpon ditzala eskatu zion, erabiltzaile guztien irisgarritasuna eta segurtasuna bermatze aldera. Era berean, Espainiar Estatuko Sustapen Ministerioari gure herrialdea zeharkatzen duten trenbideen eta euren azpiegituren (geltoki, nasa, eta trenbide pasaguneak) hobekuntza, mantenu eta zaintza lanak egin ditzatela exijitu zioten, segurtasun, irisgarritasun eta erabilgarritasunari arreta berezia jarriz. Halaber, Espainiar Estatuko Gobernuari Euskadiko Autonomia Erkidegoaren esku uzteko trenbide sarearen kudeaketa proposatu zitzaion, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari ADIF eta RENFEren aurrean bitartekari lanei heltzeko. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak egungo trenbideen gabezi eta beharrak identifikatzeko ikerketa bat egitea premiazkoa dela nabarmendu zuten, baita lanen kostua kuantifikatzea ere.

Itziar Biguri EH Bilduko zinegotziak udalbatzara gerturatu zen Maria Luisa Goikoetxea urduñarrari eskerrak eman zizkion ekimen herritarrak lortutako emaitzagatik:” Zure iniziatibari esker jendea iraultzea lortu duzu, eta biharko egunean arazo hau ez izatea”. Emozioak jota txaloekin eskertu zituen hitzak Goikoetxeak. “Leku guztietan atera denagatik badirudi Renfek garraiatzeko beste modu batzuk ere baditugula esaten duela, autobusez joateko. Urduñatik mugitzeko dudan aukera bakarra Renfeko tren zerbitzua dela azpimarratu nahi dut”, adierazi zuen.

Maria Luisa Goikoetxeak sinadura bilketa bat abiatu zuen Renferi trena erabili ahal izateko arrapala bat jartzeko eskatuz. 110.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditu egitasmoak.