Albisteak

 
Harategi kaleko berritzea osatuko duen mural artistikoak aurrera darrai. Aurreikusitakoaren arabera, lanak apirilean bertan bukatuko dira eta, beraz, maiatzean hiriak artisautza obra berria izango du. 200 m2 beteko ditu margolanak.
 
Ekimen horren helburua da tokiko ondarearen garrantzia azpimarratzea, hiriko gune hori apaintzea –hirigune historikoan kokatzen da, Monumentu Multzoa izendatuta dagoena- eta intereseko beste elementu bat eskaintzea, arlo historikoan zein turistikoan, besteak beste. Aaron Diego Escauriaza artistak osatuko du, Wallart euskal enpresakoa dena.
Urduñako hiru argazki zahar hartuko ditu obrak. 1912an eraitsi zen Santa Marina atearena da horietako bat, bestea 1907 urteko azoka egun batena eta hirugarrena Román Zulueta Aretxagarena, 1883 urtean jaiotakoa. Udaleko argazki artxiboan ikerketa egin ondoren hautatu dira hiru irudi horiek, Urduñako iragana ondo irudikatzen dutelako: arkitektura, kultura eta jendearen bitartez.

Pieza osoa eskuz osatuko du Diegok, testuak izan ezik. Hori dela eta txantilioia baliatuta egindako mural bat baino kalitate altuagokoa izango da emaitza, izan ere, autoreak askatasuna izango du estiloak eta teknikak egokitzen joateko sormen prozesuan zehar. Argira eta transmititu nahi diren sentsazioak islatzen joateko aukera ere izango du Aaron Diegok obra horretan. Azpimarratzekoa da irregulartasunez beteriko hormetarako eta zuri beltzean egindako irudi errealistak osatzeko spray bereziak erabiltzen ari dela. Prozesuan, guztira, 200 spray-poto erabiliko dituztela kalkulatu dute.