Albisteak

 

Urduñako udaleko Berdintasun Arloak jaietan sexismoa ekiditzeko ekimen ezberdinak jarri ditu abian. Batetik, "Jai parekideen alde. Errespeta nazazu!" kanpaina egongo da, indarkeria egoerak murriztu edo desagertzea helburu duena. Aurten, gainera, txosnagunetik eta tabernetatik harago, barraken eremura ere hedatu da kanpaina. Izan ere, haurren jolas eremuetan herritar asko pilatzen dira, eta sentsiblizazioan eragiteko espazio gisa katalogatu du udalak.

Bestalde, barraketako irudiak sexistak izaten direnez hainbat kasutan, klausula berri bat ezarri da eskaera eta baimen orrian. Hala, barraketan ez dira irudi sexistak onartuko.

Jai parekideak sustatzeko barraken eskaera orriarekin batera dokumentazio grafikoa eskatu zaie enpresa horiei, hots, atrakzioen argazkia. Era honetan, Berdintasun eta Kultur Arloek emakumeen objektualizaziorik ematen den aztertuko dute baimena eman edo ez erabakitzeko. Horrez gain, behin barrakak instalatuta ikuskapen lanak egingo ditu udalak, eta ondoren, txostena. Horrela, datozen urteetarako hobekuntzak planteatuko dituzte, Urduña hiria eta festetan ere berdintasunean bizitzeko aukera bermatze aldera.