Albisteak

 

Urduñako udalak Franco zein frankismoari atxikitako domina eta titulu guztiak deuseztatu ditu EH Bildu eta EAJren aldeko bozekin. Besteak beste, Ángel Salas Larrazabal, duela 80 urte Otxandio bonbardeatzea agindu zuen piloto militar frankistari 1942ko abuztuaren 23ko udalbatzan eskainitako “Seme Kuttun” izendapena kendu zaio, 1936ko uztailaren 22an Otxandio bonbardatzea agindu zuen berari, hain zuzen. Gainera, udalean sortutako Memoria Historikoaren lan-taldeak egindako ikerketaren arabera, 1959ko ekainak 12ko udalbatzan aginte botere makila ere entregatu zitzaion Salasi. Memoria historikoaren eta justiziaren alde lanean jarraitu asmoz, Urduñako udalak Otxandion uztailaren 22an eta 24an egingo diren ekitaldietan parte hartuko du. Idoia Aginako alkateak aurreratu duenez, irailean memoria historikoaren inguruko jardunaldiak antolatuko dira.

1961eko maiatzak 2ko udalbatzak, berriz, Francisco Franco Bahamonderi lehendabiziko Hiriko Diamante Domina eman zion, Urduñako udalak historian banatu duen bakarra; eta José Luis de Arrese eta Magrari Sindikalismo Nazionaleko teorilari nagusietako bati, aldiz, Urrezko Domina. Ondorengo urteetan nola Sindikatu Erakundeak (Organización Sindical) hala Bizkaiko Diputazio Probintzialak jaso zuten Urduña Hiriko Urrezko Domina. Francisco Gandía Garciak, bestalde, udalaren Zilarrezko Domina eskuratu zuen Bizkaiko Sindikatuen ordezkaria izateagatik. Zerrenda, baina, ez da hor bukatzen: 1965ean Fernando de Ybarrari, López-Dóriga markes eta enpresariari eta Adolfo Muñoz Alonso falangistari Urrezko Domina eman baitzieten. Era berean, 1968ko ekainak 17ko udalbatzan militar frankisten buruak omendu zituzten Urrezko Dominak esleituz Ángel Salas Larrazabali, Eugenio Herraiz Tierrari eta Nestor Almarza Basterrari.

Onartutako adierazpenaren bitartez, orain arte indarrean egondako izendapen eta aitortza ikur guztiak bertan behera geratu dira.