Albisteak

 
Martxoaren 6an izandako bileran parte hartu dute Josu López de Ubiernak, Arabako Bide Azpiegitura eta Mugikortasun Foru Diputatuak, Arloko Zuzendaria den Marian Gutiérrezek eta Urduñako Udaleko ordezkariak zein Bizkaia eta Arabako EH Bilduko batzarkideek. Bi ardatz landu dira elkarretaratze horretan. Batetik, 2016ko irailean adotutako hobekuntzak baloratu dituzte eta, bestetik, landu da Urduña eta Amurrio artean dagoen A-625 errepideak izango duen trazadura berriaren gauzatze kronograma.
Hobekuntzak
Aurreko bileran adostutako hainbat lan bukatuta daude dagoeneko: bide-zoruaren fresaketa, segurtasun hesien instalazioa eta bide-seinale berriak. Hala ere, oraindik ere burutu beharreko beste hobekuntza batzuk daude egin gabe. Hurrengo hilabeteetan zehar, besteak beste, hormen konponketa eta goraguneen beheramendua egin beharko da. Alde guztiek positiboki baloratu dituzte hobekuntza obra horiek, ahaztu gabe horien helburua dela errepidea hobetzea proiektu berria gauzatu bitartean.
2019rako
Urduña eta Amurrio artean dagoen A-625 errepide horren trazadura berriari dagokionez, Urduñako Udalak aurreko bileretan adostutakoa nabarmendu du, Foru Aldundiak gauzatze kronograma bat ezarri eta dagokion zenbatekoa bideratu dezan. Gauzak horrela, Foru erakundeak 2018ko erdialdean lanak esleitzeko konpromisoa hartu du. 2019ko hasierarako aurreikusi dute lanak abiaraztea eta 25 hilabetez luzatu daitezkela aurreratu dute.