Albisteak

 
Urduñako udalbatzak “Mugalde Libre eta zabalik” aldarrikapenarekin bat egiten duen Adierazpen Instituzionala onartu zuen azkenengo udalbatzan, EH Bildu eta EAJren aldeko bozekin. Elkartasuna adierazteaz gain, Auzitegi Nazionalaren sententziarekiko desadostasuna agertu zuten, Herriko Tabernen konfiskazioa berretsi baitute, “Frankismotik, 1936tik, gertatzen den lapurreta larriena izanik”. Azaldu dutenez, eskubide zibil eta politikoen defentsan horrelako egoerak atzerapauso nabarmenak dira. “Berriro ere Espainiar Gobernuaren aginduz erabakitzen den sententzia politiko larri baten aurrean gaude, non Ezker Abertzaleko 20 kide zigortuak diren Euskal Herriaren aldeko ideia eta lanagatik, eta 104 Herriko Taberna lapurtzen duten, nahiz eta jabegoa duten elkarteak guztiz legalak izan eta hauen aurkako frogarik ez izan. Mugalde elkartea 104 horietako bat da. Herritarrek ondo dakiten bezala 26 urte daramatza auzokideekin lan egiten, kultur, kirol, gastronomia eta gazte erakundeekin batera”. Urduñako udalarentzat beste garai batzuetako egoerak gainditu eta bakea eta elkarbizitzaren alde lan egiteko ordua da. Akordioa publiko egin dute.

Adierazpen Instituzionala ikusi (PDF 120KB)