Albisteak

 

Emakumeen Nazioarteko Egunari begira  egitarau oparoa prestatu du Parekidetasun Batzordeak (Adi Emakumeak, Sorgin moreak, Loraldi eta Berdintasun Arloa). Aurten, gainera, 100 urte bete dituzten herritarrak omenduko dituzte lehenbizikoz, Guadalupe Menchaca Sojo horien artean. Martxoaren 8aren harira, otsaileko udalbatzan ahobetez onartu zen Adierazpen Instituzionala.

Ekitaldiak martxoaren 4an hasiko dira, eta 13 arte iraungo dute. Ostiralean, hain zuzen, "Zinegoak" programaren aurkezpena eta laburmetraien emanaldia egongo da Alondegian 19:00etan. Martxoaren 5ean, berriz, Adi Emakumeak eta Sorgin Moreak taldeek emakume bazkaria egingo dute gaztetxean. Astelehenean, aldiz, martxoak 7an, "Rol jokoak" ipuin kontaketa eskainiko du Apika taldeak.

Martxoaren 8an hiru ekitaldi egongo dira. Batetik, Guadalupe Menchaca Sojo monjaren omenaldia, 18:00etan udalbatza aretoan izango dena. Bestetik, berdintasunaren aldeko kontzentrazioa, 19:00etan udaletxe aurrean gauzatuko dena. Horrez gain, Loraldi elkartearen emakume bazkaria ere egongo da, 14:30ean Hiria jatetxean.

Hilaren 11an, ordea, "Envejecer bonito" hitzaldi tailerra antolatu dute Alondegian. Saioa 18:00etatik 20:00etara izango da, eta Inma Merinok gidatuko du. Ondoren, 20:00etan bertsopoteoak beteko ditu aldarriz Urduñako kale eta tabernak, Arrate Illaro eta Nuria Cortada bertsolariekin.

Bestalde, Loraldi elkarteko margolan eta zahar berritzeen erakusketa jasoko du Kultur etxeak martxoaren 7tik 13ra. 

Egitaraua ikusi ( JPG 6,60MB)