Albisteak

 

Urduñako marka berritzeko lehiaketa ebatzi du udalak. "Berezko hiria, ciudada natural" izango da hiria ordezkatuko duen lema. Datozen hilabeteetan garatuko dute behin-betiko marka, urte amaieran txertatzeko helburuarekin.

Guztira zortzi proposamen egon dira. Lehiaketaren helburua Urduñaren marka berria aukeratzea izan da, horretarako irudia, esaldia eta marka zabaltzeko aurkeztutako bitartekoak baloratu dituzte: kartelak, webgunea, eskuorriak, orri korporatiboak... "Iragana, oraina eta etorkizuna", "Harrian landutako hiria", "Bizkaiko hiria, la ciudad de Bizkaia", "Paraiso visual, ikusteko paradisua" eta "Naturalmente, noski baietz" izan dira aurkeztu diren gainontzeko leloak. Aurkeztutako lanak turismo bulegoan egon ziren ikusgai abenduan zehar, ikusleek gogokoen zutena bozka zezaten.

Epaimahai teknikoa Luis Encinar artista urduñarrak, marketing aholkularitzako enpresa batek, euskara teknikariak, Urduñederrako ordezkariak eta herritarren ordezkari batek osatu dute. Hala, proposamen bakoitza 80 punturen gainean baloratu dute. Gainontzeko 20 puntuak erakusketaren ikusleen esku utzi zituzten. Epaimahai teknikoaren irizpideen artean daude hiria naturarekin, ondarearekin, lehen sektorearekin edo historikoki duen garrantziarekin lotzea (20 puntu); ilustrazioaren itxura tekniko eta artistikoa (40 puntu) eta euskarri ezberdinen aurkezpena (20puntu).

Marka berriaren ezaugarriak
Damderg Contraste Comunicación enpresak irabazi du lehiaketa. Irudi nagusian Foru Plazako iturria erabili dute. Arlo bakoitzarentzat, berriz, bertsio ezberdinak aurkeztu dituzte, natura, monumentuak eta abeltzaintza ekologikoa nabarmenduz. Esaldiaren bidez, Urduña dela Bizkaiko hiri titulua duen toi bakarra nabarmendu dute. Hala, "hiria" kontzeptuaren baitan pilatu dituzte Urduñako historia, arkitektura, zerbitzuak eta azpiegiturak. "Natural" hitzaren bitartez, berriz, berezkotasuna, ekologia, lehen sektorearen garrantzia eta ingurumena azpimarratu nahi izan dute.
Diseinua aurkezterako orduan kartelak, expedienteetarako karpetak, gutunak, webgunea, eskuorriak eta poltsak aurkeztu dituzte. Bestelako ekintzen artean, Urduñako dendetako ateetan marka berria ezagutarazteko pegatak banatzea proposatu dute.