Albisteak

 

Gure jendartean LGTBIfobiak bizirik darrai eta urtero hamaika indarkeria kasu ditugu. Horietako asko ezkutuan geratzen dira, oraindik ere bazterkeriak eta inbisibilizazioak legitimazio handia dutelako eta LGTBI+ pertsona askok estigma pairatzen dutelako. Erasoak espazio guztietan ematen dira, arlo publikoan eta pribatuan, kaleetan, eskoletan, enpresetan, batzuetan zerbitzu publikoetan...eta ahaztu gabe, askotan, eliza katolikoaren bozeramaileen aldetik  hainbat jarrera LGTBIfobiko ere ematen direla.

LGTBI+ pertsonen kontrako indarkeria adierazten da modu ezberdinetan eta gure konpromisoa izan behar da guztiak gaitzestea, deslegitimatzea eta desageraraztea, guztiak larriak eta onartezinak baitira.

Nahiz eta aurrerapausoak eman azken urte hauetan, oraindik asko egin behar da LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatuak izateko. Azken hilabeteetan ezagutu ditugun, eta ezkutuan geratzen diren kasu guztiek adierazten digute gaiak duen premia.

Denok nahi dugun jendarte justu eta parekidea eraikitzeko jarraitu behar dugu lanean, arlo guztietan eta bakoitzari dagokion eremuetatik. Instituzioek ardura handia dugu, eta modu irmo, egoki, integral eta koordinatuan egin behar diogu aurre, betiere ikuspegi feminista, ez binarista batetik, eta prebentzioa, sentsibilizazioa, arreta eta erreparazioa jasoz. Zentzun honetan, Nafarroako Gobernuak azken urteetan egin duen ibilbide eredugarria aipatu nahi dugu; aitzindaria izan zen 2009an pertsona transexualen eskubideak aitortzen eta babesten dituen legea aprobatu zenean, eta ondoren, mota ezberdinetako arau eta neurri sorta bat abian jarri direnean legea eraginkor egiteko.

Halaber, aitortu behar ditugu LGTBI+ zein mugimendu feministaren ekarpenak; eurei esker ari da bisibilizatzen eta desligitimatzen gaia. Horregatik jarraitu behar dugu, arduraz,  euren beharrei eta eskaerei erantzuten.  Eta ezin dugu ahaztu egoera zaurgarrienean dauden kolektibo horiek (adineko pertsonak, migratzaileak, umeak eta nerabeak, etab.) behar duten premiazko babesa.

Azkenik, egun honetan gogoratu nahi dugu joan den otsailean Ondarroan gertatutako Ekai nerabe transexualaren heriotza,  guztiz onartezina jendarte aurrerakoi eta demokratiko batean. Berretsi nahi dugu gure konpromiso irmoa holakorik berriro gerta ez dadin.

ERAKUNDE ADIERAZPENA

- Udal honek, LGTBI+ pertsona guztien kontrako indarkeriaren adierazpen guztiak  gogor gaitzesten ditu eta neurri zehatzak abiaraztera konprometitzen da, zehazki:
- Udal honek txertatuko ditu zeharka LGTBI+ ikuspegia zerikusia duten programa eta ekimen guztietan: hezkuntza, zerbitzu sozialak, osasuna, aisialdia, umeak eta gazteria, adinduak...betiere LGTBI+ kolektibo eta mugimendu feministarekin elkarlanean.

- Udal honek gaitzesten du homosexualen konbertsio terapien aldeko jarrerak (banakakoak nahiz kolektiboak), eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio neurriak abiatzea debekatu ahal izateko holako terapiak.

- Udal  honek  eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari txerta dadila modu koordinatu eta integralean (jarraipena eta baliabideak zehaztuz) LGTBI+ eta hezkuntza sexu-afektiboaren gaiak hezkuntza kurrikulumean, betiere ikuspegi feminista batetik, elkarlanean aditu eta LGTBI+ kolektibo eta mugimendu feministarekin.