Albisteak

 
Urduñako Turismo Bulegoak positiboan baloratu ditu 2019ko Aste Santuko kanpainan lortutako datuak. Zerbitzura gerturatu diren turisten kopurua mantendu bada ere (453 izan dira, 2018an baino 2 gehiago), azpimarratzekoa da bost jai egunetan kudeatu den kontsulta kopurua. 2018an 226 izan ziren eta aurten 335 erregistratu dira, hau da, %48 gehiago.
Nabarmentzekoa den beste datu bat da atzerriko turisten kopurua, izan ere, beste jatorri batzuek ohiko zifrak mantentzen dituzten arren, atzerritik etorri den pertsona kopurua %4 hazi da. Suitza, Frantzia, Erresuma Batua eta Txiletik etorri dira bisitariak aurten. Bestetik, hirigune historikora eta santutegira egindako bisita gidatuek ia 100 pertsona elkartu dituzte. Batez ere Kataluniatik, Madriletik, Valladolidetik, Suitzatik, Balentziatik eta EAEtik etorritako pertsonek parte hartu zuten -orden horretan-.

Bestetik, Urduñak bigarren urtez parte hartu du maiatzaren 10 eta 12 artean BECen izan zen Expovacaciones azokan. Hiria Bizkaiko informazio gunean kokatu zen helmuga turistiko propio moduan, Bilbo, Enkarterri, Getxo edo Urdaibai bezalako guneekin batera. Turismo Bulegoak informazio orokorreko 318 eskuorri eta mapa banatu zituen orotara, ostatu eta ekintzen inguruko euskarrietaz gain. Bertaratutako publikoak mendi ibilaldien, bainuetxearen eta bisita gidatuen inguruko informazioa eskatu zuen batez ere.