Albisteak

 
  • Irainak eta mehatxuak bertako gazte talde batek esan zituen, Indartsu Clubeko partaide batzuk barne
  • Indartsu Clubak zein CD Orduñak martxoaren 18an izango den partidua tolerantzia eta errespetuaren aldeko jai bat izatea nahi dute. Parte hartzeko deia luzatu dute.

 

Urduñako hiriak babesa adierazi dio CD Orduña futbol taldeari martxoaren 4an UD San Miguel taldearen aurka jokatutako partiduan jazotako gertakariak direla eta. Aktak jasotzen duenaren arabera, gazte talde batek, Indartsu Clubeko jokalari batzuk barne, Urduñako jokalariak larriki iraindu zituen, laido xenofobo eta arrazistak tarteko, bai partidan bertan zein berau bukatutakoan.

Futbol zelaitik irteteko Ertzaintzaren laguntza ere behar izan zuten kirolari gazteek. Gertakari larri hauen harira, CD Orduñak zein Indartsu Clubak zera adierazi dute:

     

  • Jarrera xenofobo, arrazista, homofobo eta matxistek zein kutsu bertsuko portaerek ez daukatela tokirik ez inongo futbol zelaitan, ezta, noski, gure taldeen baitan ere, eta tenore horretako portaerak ezin direla zuritu, egoera edozein izanda ere. Norbaitek hori egitekotan, bere burua gure klubetatik kanpo kokatuko luke, alde batetik onargaitzadela deritzogulako, eta bestetik sustatzen ditugun balioetatik zeharo aldentzen delako.
  • Harrobia lantzen dugun futbol taldeak ez gara soilik kirolari berari dagokion atalaz arduratzen, eta bada gure betebeharra gazteon heziketan eragitea, hala-nola balioetan oinarritutako heziketa sustatzea, ez bakarrik hitzez, baita ekintzez ere. Zentzu hortan, argi daukagu aurkariak, izatekotan, bidelagun ditugula, eta ez etsai, inondik inora.

 

Aldarrikapena
Bi taldeak elkarlanean, partida ezkutuan jokatu ordez, kontrakoa egitea erabaki dute, gertutakoari buelta emateko asmoz, askotan futbolean ematen den kiroltasun eskaseko giro desatseginari tamaina hartu eta kontrako norabidean eragiteko helburuarekin. Gauzak horrela, hurrengo larunbatean, martxoaren 18an, Soloarten 11:15ean jokatuko den partidua aldarrikapen jaia bihurtu nahi dute, kirolak defendatu behar dituen errespetu eta tolerantziaren alde.

Hori horrela, Basauriko Udalak zein Urduñako Udalek gonbita luzatu diete bi klubetako zaletuei, tolerantzia zein kiroltasunean oinarritutako jai xume horretan parte hartzeko. Partida hasi baino lehen familia argazkia egingo dugu talde bietako jokalari zein zaletuekin, eta jokalariek “kirol legez, denok irabazle” dioen kamiseta eramango dute
soinean argazkirako.