Albisteak

 

Urtarrilaren 14an, ostegunean, COVID-19aren aurkako txertaketa prozesua abiatuko da Urduñako nagusien egoitzan. Erabiltzaileek zein egun horretan goizeko ordutegia izango duten langileek SARS-CoV-2 koronabirusaren aurkako txertoa jasoko dute lehen aldiz. Horretarako, bisitariei harrera egiteko erabiltzen den gela egokituko du zentroak.

Era berean, egoitzan lan egiten duten beste profesionalek —hala nola, osasun, administrazio, mantenu, garbiketa eta sukaldeko langileek— txertoaren lehen dosia jasoko dute, Galdakaoko Unibertsitate Ospitalean urtarrilaren 21ean eta 28an.

Adinekoen egoitzak ez du kasu positiborik COVID-19n gaur egun. Zentroaren egoera lasaigarria da eta zorrotz betetzen dira Osakidetzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako higiene- eta segurtasun-neurriak, arauak jarraitze aldera bi erakunde horiek eskainitako laguntzarekin.

Zentro honetan izandako kutsatze nabarmenena eta bakarra apirilaren erdialdean jazo zen, lau erabiltzailek birusa hartu zutenean. Zorionez, horiek guztiek gainditu zuten gaixotasuna eta maiatzaren 13an itzuli ziren egoitzara, langileen, dantzari pare baten eta txistulari baten ongietorri bereziarekin.

Egokitutako gela

Txertoak gela zabal batean emango dira, zentroaren barruan eta egoitzako bizikidetza-eremutik erabat bereizita. Izan ere, kanpoaldetik sartu ahal izateko eskailerak prestatu dira, kutsatzeko arriskuak murrizteko helburuarekin.

Gela hori bisitariei harrera egiteko erabili da orain arte, hain zuzen ere. Martxoan abian jarritako bideo-deien sistemaz gain, erabiltzaileek astero izaten dituzte bisitaldiak, senideren bat edo batzuekin batera.