Albisteak

 

Abenduaren 30eko ohiko osoko bilkuran, Urduñako udalbatzak aho batez onetsi du SAREk proposatutako mozioa, hau da, udal talde politiko guztiek mozioa onartzearen alde egin dute.

Ondorioz, dispertsioaren aurkako banderola egongo da eskegita udaletxeko balkoian eta, era berean, gabonetan gauzatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatuko du Urduñako Udalak.

Izan ere, duela hilabete batzuk "Banderola Gure Kontu" kanpaina abiarazi zuen sare honek, herritarrak euren balkoian dispertsioaren aurkako ikurra jartzera animatzeko asmoz.

Aurkeztutako Mozioa
Urduñako Sare Herritarra gara. Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde lan egiten duen mugimendu herritarra da.

Urduñan egun presorik ez badago ere, Urduñako hainbat herrikidek sufritzen dituzte dispertsio-politika anker horren ondorio ekonomiko, sozial eta pertsonalak. Sareko kideok konpromiso irmoa daukagu honako baldintza hauen deuseztapena lortu eta preso, iheslari zein deportatuen bizi baldintzak hobetu eta egoera arintzeko.

Covid19 pandemia garai hauetan, gainera, euskal preso eta iheslarien eskubideek hainbat urraketa jasaten dituzte, euren egoera larriagotuz: Preso gaixoen zein adin nagusikoen etxeratze ukazioa, bisita baimenak deuseztatzea, gradu progresio falta, dispertsioak dakartzan arrisku eta galerak, komunikazio eza...

Duela hilabete batzuk "Banderola Gure Kontu" kanpaina abiarazi genuen, herritarrak euren balkoian dispertsioaren aurkako ikurra eskegitzera animatuz. Orain kanpaina honek badu bigarren norabide bat: Urduñako udalari eta bertan ordezkaturik dauden alderdiei eskera konkretu bat egitea.

Beraz, hau guztiagatik Urduñako Udalari eta bertan ordezkaturik dauden alderdiei honako eskaera egiten diegu:

  • Dispertsioaren aurkako ikurra udaletxeko balkoian eskegitzea.
  • Datozen gabonetan garatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatzea.

Urratsez urrats, bidea egiten ari gara. Etxerako bidea auzolanean eraikiko dugu. Eskerrik asko zuen arretagatik eta deialdietan elkar ikusiko dugun itxaropenez, besarkada estu bat!

Urduñako Sare Herritarra

SARE mozioa (PDF 64,7KB)