Albisteak

 

Urriaren 21etik 28ra, La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea erakusketaz gozatzeko aukera izango dute urduñarrek, Foru Plazan. Erakusketa ibiltaria da, asmo didaktikoa du eta museoaren bildumako funtsezko 40 maisulanen inguruko ibilbidea eskaintzen du, kalitate handiko teknika erabiliz xehetasun txundigarriekin eta kolorearen fideltasun handiarekin egindako erreprodukzioen bidez.

Bisiten ordutegia astelehenetik igandera 10:00etatik 13:00etara izango da, asteazkenetan izan ezik, 15:00etatik 18:00etara. Agintariek ezarritako osasun-neurriak bermatuta gauzatuko dira eta 8 pertsoneko gehienezko edukiera izango du talde bakoitzak.

Horrekin batera, 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute. Erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnek gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko aukera izango dute -euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez-. Gainera, 6 lanek haurrentzako kontakizun bana izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta, hain zuzen ere.

Ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta artea herritarrengana gerturatzea da. Horrela, erakusketaren ondare aberatsaz gozatu ahalko du publikoak eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai -XIII. mendetik XX. Mendera- eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez. Gainera, teknologiari esker, horri buruzko ezagutzan sakondu ahal izango du.

Erakusketa osatzen duen funtsezko zati gisa, doako bisita dinamizatuak eskainiko dira, batik bat eskola-publikoari bideratuta (DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) eta kultur kolektibo eta elkarteentzat.

Proiektu eta proposamen didaktikoa

Proiektua Museoko Erakusketa Saileko Miriam Alzurik koordinatu du, eta obrei buruzko iruzkinak egin ditu. Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak, bere aldetik, proposamen didaktikoa garatu dute. Horri esker, hezkuntza arloko langileek herritarrak orientatu eta sortarazten diren galderak erantzungo dituzte bisita dinamizatuetan.

Bestelako ekintzak

Urriaren 27an "Emakumearen irudikapena Arte Eder Museoko bilduman" hitzaldia eskainiko da Alondegia Gizarte Etxean, 18:30ean.

HITZALDIA “Emakumeen irudikapena Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman” (Informazioa) (PDF 133KB)