Albisteak

 

Emakundek bultzatutako Beldur Barik ekimenaren parte izango da Urduñako udala. Orozkon aurkeztu da gaur Aiaraldea Eskualdeko Beldur Barik lehiaketaren 6. edizioa, 11. edizioa orokorrean. Beste behin ere ere, txapelketaren helburua gazteen artean genero indarkeria prebenitzea da.

Ekitaldia Orozkoko Udaletxeko Bilkura Aretoan izan da, urriaren 14an 10:00etan. Bertan, Laia Eskola Aiaraldearen testuinguruan berdintasunaren alde lan egiten duten udalerrietako eta Kuadrillako ordezkariak aritu dira, Urduñaren kasuan, Sole Lezameta Gizarte Politikak eta Berdintasun zinegotzia eta Amaia Beitia berdintasun teknikaria.

Lehiaketaren oinarriak

Beldur Barik lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jokaeren bidez.

Hiru kategorietan lehiatuko dira parte-hartzaileak: 12 eta 13 urte bitarteko nerabeak, 1. kategorian; 14 eta 19 urte bitartekoak, 2. kategorian; eta, azkenik, 19 eta 25 urte bitarteko gazteak, 3. kategorian.

DBHrik ez duten herrietan, LHko azken zikloko ikasleek hartuko dute parte, hots, 10 eta 12 urteko haurrek. Kasu honetan, parte-hartzaileek udal berdintasun teknikariei bidali behar dizkiete lanak, posta elektronikoz, edo aurrez aurre entregatu pendrive baten bitartez.

Kategoria bakoitzeko, 150 euroko saria banatuko da. Sari banaketa ere Orozkon izango da, azaroaren 27an, asteazkenean. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 5ean, ostegunean, amaituko da eta beldurbarik.eus webgunaren bitartez kudeatuko da.

Oinarriak (PDF 138KB)