Albisteak

 

COVID-19aren aurkako neurrietara moldatu dira aurten Urduñako bainulariak. Aurreko urteekin konparatuz gero, ez da alde nabarmenik egon uztaila eta abuztu arteko erabiltzaile kopuruari dagokionez. Izanere, egunez eguneko zenbatekoa egonkorragoa izan da; batez beste, egunean 98,58 pertsona.

Abuztuaren 6an jaso zen  kopururik altuena; 318 pertsona batu ziren. Jarraian, uztailaren 13an, irailaren 12an eta ekainaren 30ean, 285, 274 eta 267 auzokide egon ziren, hurrenez hurren. Zenbateko altuenak 18:00 eta 18:30 bitartean izan ziren.

Hala ere, nabarmentzekoa da ez dela gainditu 350 pertsonako gehienezko edukiera. Laburbilduz, denboraldi ona izan da eta ez da inolako arazorik egon, nahiz eta pandemiagatik egoera berezia izan den.

Beste behin ere, Urduñako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei neurri berrien aurrean izandako jarrera eta erantzunagatik; izan ere, “dena ondo atera da jendearen ardurari eta laguntzari esker”, Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Kirol Arlotik azaldu duenez.