Albisteak

 

Egun euritsuetan ikasleek aire zabalean aritzeko eta jolasteko espazio gehiago izateko helburuarekin, normalean Foru Plazan kokatuta dagoen udal karpa Urduñako Eskolara lekualdatu dute. Ikastetxe publikoak ikasturtea segurtasunez hasi ahal izateko udalak hartu dituen neurrietako bat da.

EUDEL udal elkartetik zehaztutako gomendioak jarraiki, hiriko lokal eta espazio publikoak ere eskaini dizkie Urduñako Udalak ikastetxe publikoei, beharrezkoa balitz, gelak banandu ahal izateko. Oraingoz, eskolako zein haurreskolako zerbitzu guztiak zentroetan bertan eskainiko dira.

Horrekin batera, ohi bezala, eskola-instalazioak garbitzeaz eta desinfektatzeaz arduratuko da udala. COVID-19 birusaren hedapen posibleak prebenitzeko neurri gisa, garbiketa eta desinfekzio lanak indartzea erabaki da ikasturte honetan.