Albisteak

 

Ekainaren 23an izandako ohiko osoko bilkuran, hainbat udal-tasa etetea eta itzultzea onartu du Urduñako Udalak, COVID-19 pandemiak eragindako alarma-egoeraren ondorioz gauzatu ezin izan ziren prestazioekin lotuta.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera aitortu ondoren, eten egin ziren lehen premiakoak ez ziren lokal eta establezimendu txikizkarien jarduerak, besteak beste, ostalaritzako, jatetxeetako eta xehekako merkataritzako hainbat lan.

Hori dela eta, taberna, jatetxe eta antzeko lokaletan mahaiak eta aulkiak jartzeagatik ordaindu beharreko tasak alde baterako eten egingo ditu udalak, alarma egoera ezarri zenetik 2020ko irailaren 30era bitartean. Egun horretatik aurrera, tasa horiek automatikoki kobratzeari ekingo zaio, osoko bilkuran beste erabakirik hartu behar gabe.

Era berean, ostalaritzako terrazak eta erakustokiak erabiltzeagatik erabilera publikoko lursailaren okupazio-tasen zati proportzionala itzuliko da, itxita egon ziren denboraren arabera.

Ostalaritza-, jatetxe- eta merkataritza-establezimenduek nahiz alarma-egoeran jarduera eten behar izan zuten pertsona autonomoek eta enpresek estolderia eta zabor-bilketa tasaren zati proportzionala jasoko dute.

Errege Dekretuaren ostean bertan behera utzi ziren merkatu eta azokei dagokienez, abeltzaintza- eta nekazaritza-ekoizleei itzuli egingo zaie ondorengo tasen zati proportzionala: merkatu edo azoken aprobetxamendu-tasa, espazio horretarako kale-garbiketaren eta salmenta ibiltariaren tasak eta elikadura- edo landare- postuetarako kale-garbiketa tasa.

Azkenik, eraikuntzako materialekin, obra-hondakinekin, hesiekin, aldamioekin, eskorekin eta edukiontziekin jabari publikoa okupatzeagatiko tasa itzultzea onartu da, 2020ko martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte, hau da, obrak geldirik egon ziren aldian.

Establezimendu interesdunek udalaren zerga-betebeharrak egunean izanez gero, itzuliko zaizkie tasa horiek; bestela, zorrak konpentsatuko dira.