Albisteak

 

Uztailaren 3tik 30era, Urduñako Udalak hainbat ekintza antolatuko ditu Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen arteko umeentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako gazteentzat ere bai. Ez dira ohiko udalekuak gauzatuko, baizik eta planteamendu berria diseinatu da.

Ekintza guztiak kalean edo leku zabal eta aireztatuetan izango dira, astean bi egunetan Lehen Hezkuntzako haurren kasuan, eta ostiraletan DBHko gazteen kasuan. Goizeko 10:30ean hasi eta 13:30ak aldera amaituko dira. Taldeak txikiak izango dira eta, segurtasuna bermatzeko, ez dira batera ibiliko. Parte-hartzaileak, besteak beste, mendira, igerilekuetara, bizikletaz ibiltzera eta errekara joango dira.

Programazio honek oso kontuan hartu ditu gaiaren inguruan argitaratutako azken protokoloak eta txostenak, besteak beste, Udalekuen Kolektibo Nazionalarenak eta Gazteriaren Institutu Nazionalarena eta Oinherri Herri Hezitzailearenak.

Prezioak hauek izango dira: erroldatuen kasuan, lehen umea 20€, eta bigarrena, 15€; ez-erroldatuen kasuan, 40€ lehen umea, eta 30€ bigarrena.

Behin plazak konfirmatuta, ekaineko hirugarren astean familiekin bilera desberdinak egingo dira, ezarriko diren protokolo desberdinez informatzeko.

Izen-emateak telematikoki egin beharko dira maiatzaren 25etik ekainaren 3ra bitartean, esteka honetan.

Plazak zozketa publiko bidez emango dira, parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztien artean. Zozketa ekainaren 5ean izango da.

Informazio gehiagorako, familiak telefono eta helbide elektroniko hauetan jar daitezke harremanetan: Euskara Arloa 945 983 003 (luz: 52) eta hezkuntza@aiaraldea.eus.