Albisteak

 

Covid-19 birusaren hedapena prebenitzeko eta urduñarren osasuna babesteko, etxetik ospatu dira aurten Otxomaio Jaiak. Itziar Biguri alkateak emaitzarekin pozik dagoela adierazi du “oso jai politak izan direlako, desberdinak baina hunkigarriak”.

Udal ordizkari gisa, eskerrak eman nahi die Bigurik ekintzetan parte hartu duten pertsona guzti guztiei: irratikoei, boluntarioei, txupineroari eta pregoilariei, kontzertuak eta bestelako ekimenak antolatzen egon direnei eta udal langileei, besteak beste.

Jaiak amaitu ondoren, hiria altxatzeko helburuarekin lan egiteko unea dela azpimarratu du alkateak. “Krisi honek kalte handiak sortu ditu, baina guztiok batera aurrera aterako gara. Ziur nago! Herri honekin harro nago!”, nabarmendu du Bigurik.

Kaleak kolorez eta apaingarriz bete dira, festa giroa sortuz. Udalak herritarren parte-hartzea eskertu nahi du; ez bakarrik kaleak apaintzera animatu direlako, baizik eta jaien antolakuntza taldeak planifikatutako ekimenei modu positiboan erantzun dietelako eta, oro har, ezarritako segurtasun-neurriak errespetatu dituztelako.

Jarduera guztiak Otxomaioko irratiaren bidez eman dira. Maiatzaren 7an, 20:00etatik 22:00etara, hau da, txupinazoan, 410 entzule baino gehiago jaso ziren. Emisioa hiritik eta inguruko udalerrietatik haratago —Laudio, Amurrio, Gasteiz edo Bilbo— iritsi zen; jaiegunetan zehar, 337 entzule orduko baino gehiago egon ziren Madrilen, 88 Valentzian eta 68 Zaragozan. Aipatzekoa da, halaber, katea atzerriko bederatzi estatutatik entzun zela —AEB, Frantzia, Venezuela, Erresuma Batua, Kanada, Alemania, Italia, Suitza eta Suedia— eta 289 pertsona WhatsAppen bidez jarri zirela harremanetan irratiarekin 7 herrialdetatik.

Egoeretara egokitutako jarduerak

Nahiz eta etxetik ospatu, musika ez da falta izan Otxomaioetan. Herriko zenbait DJk girotu dituzte kaleak: Djames Techno, DJ Juanma, Varro, Ttarttalo eta Ra. Haurrek DJen saio propioa ere izan dute, Adur Ekintza Kulturalen eta Kokorikoren eskutik.

Ohi ez bezala baina gogo berberaz, Placton eta Siroka taldeen kontzertuak eskaini dira Foru Plazatik. Xabi Solano ezin izan da hirira jotzera joan; hori dela eta, Otxomaioko irratiak Hernaniko artistak Instagramen eman zuen kontzertua zuzenean eman du.

Jaien ezaugarri diren ekitaldi tradizionalak ere egoerara egokitu dira. Maiatzaren 8ko meza nagusia, adibidez, streaming bidez eman da, ateak itxita egin baita. Halaber, Erauntsi Dantza Taldeko, Getxa Goi Txistu Taldeko eta Santa Cecilia taldeko dantzariek ere parte hartu jaietan.

Ez dira falta izan Bihotza eta Batibombaren kalejirak, Bihotza Konpartsaren eskutik. Bihotza, ordea, urduñar bakoitzak erre du etxean, kartoi mehezko panpina txiki bat errez.