Albisteak

 

Hainbat urtetako “zigorra” jasan ostean, Saratxoko auzoek Urduña hirira sartzen dira berriz ere Orduñako Andra Mari Antiguakoaren Santutegira igotzeko, euren patroia, Otxomaio osteko domekan. Badakigu antzina maiatzaren 12a zela euren igoera eguna, baina egun hori aldatu behar izan zuten zigor bat dela eta (Uriarte 1883: 160): badirudi Saratxoko auzoek euren ardo propioa ekarri zutela jaieguna ospatzeko hirian zegoena gastatu beharrean, Hiriko Ordenantzek agintzen zuten bezala. Honela, Udalbatzak Saratxoko herria zigortu zuen eta jaieguna egin beharrean, goizean goiz Santutegira igo behar zuten, meza entzun eta ostean herrira itzuli, Santutegi inguruan bazkaltzen eta erromerian geratu gabe. Zergatik maiatzaren 12a mantendu beharrean otxomaio osteko domekan egitera jo zuten, erantzunik eman ezin diogun galdera da, baina azalpenik errazena Hiriak jarritako zigorrarekin erlazionatzea izan daiteke: agian ez zuten ezohiko meza bat egiteko baimenik eta horregatik domekako mezara joaten ziren euren agindua betetzen.

Urte batzuetatik hona zigorra kendu zaie eta Saratxo herriak ere hiria zeharka lezake eta Urduñako Udalak ondo etorria ematen dio: hasieratik ardo garrafoiak leku berezia izan du Saratxoko herriaren etorreran, zigorra oraindik presente baitzegoen. Hasierako urteetan Saratxok ekartzen zuen, baina berriz zigorrik ez jasotzeko, azken urtetan zigorraren eta bi udalen arteko erlazioaren historiarekin bat egingo duen protokolo bat ezarri da. Txistulariak Saratxoko herria San Migel sarreran hartzen ditu eta Kale Zaharretik gora (lehen “Bizkaia kalea” zena) udaletxeraino heltzen dira. Bertan hiriko udalbatzak ondo etorria eman eta Saratxoko auzoei ardo garrafoia ematen die, euren jaiegunean ondo pasa dezaten. Opariaren erantzun legez, hiriak sako bete irin jasoko du, historikoki Urduñako gari asko Saratxoko errotetan irindu izan baita. Horren ostean, aurresku batek udaletxearen aurreko ekitaldiari amaiera emango dio eta Saratxoko auzoek euren erromeria jarraituko dute santutegiraino. Meza amaiturik, trikitilarik batek jarriko dio soinua hamaiketakoari.

Historikoki egun hartan entzungo zen musikaren inguruan, gutxi dugu esateko: argazki zaharrei esker, badakigu Urduñako udal txistularia zen Epafrodito Landaluzek Santutegian laguntzen zituela Saratxoko herritarrak, baina ezin dugu jakin igoeran zehar laguntzen ote zituen martxaren bat joz ala bertan ote zegoen, meza amaiturik, jotak eta bestelako dantzak jotzeko. Esan ohi denagatik, Saratxoko auzoek trenbidetik igotzen zuten Santutegiraino; beraz, inolako prozesiorik egongo bazen pelegrinazioaren azken txanpan izango zen. Hala ere, oraingoz ezin izan dugu jakin martxa zehatzen bat edo dantza konkreturik joko ote zien Saratxoko biztanleen erromeria honetan.

Jakin dakiguna da saratxoarrak, meza amaierako Salbeaz gainera, Antiguako Ama Birjinari kantatzen ziotela, eta abesti propioak gainera: badakigu koplatxo batzuk badaudela (hauen argazkia ikusi ahalko duzue Getxa Goi Txistu Taldearen facebook-eko profilean) eta ziurrenik abestuko ziren Rogad por nos eta A nuestra señora de Lourdes abestietan erabiltzen zen melodia berarekin. Izan ere, baliabide hau oso ohikoa da XX. mende guztian zehar hainbat herritan: melodia sinple eta ezagun bat hartzen zuten eta herriak ospatzen zuen santuaren edo adbokazioaren inguruko letra berezitua jartzen zitzaion abestiari. Ikusten denez, Antiguako Ama Birjinak ere baditu horrelako abestiak.

Getxa Goi Txistu Taldea