Albisteak

 

Jaietan zerbait aldatu ez bada, hauxe da: batzuek egun horiek gozatzeko, beste batzuek lan egin behar dute, eta Orduñako maiatzaren zortziak eta bederatziak ez dira salbuespen: hiriko etxe eta taberna ezberdinetan ziren sukaldari eta ogipekoen gainean berba egiten gaude, Otxomaiotako egun guren horietan %200era lan egin behar zuen euren egitekoak betetzeko. Hala ere, hiriak egun bat bazuen behargin hauentzat ere, maiatzaren 10: egun hori zen Sukaldari eta ogipekoen eguna. Jaiegun hau gure hiritik hurbil diren herri zenbaitetan gordetzen diren Berakatz egun famatuekin erlazionaturik egongo da, nola edo hala.

Izan ere, maiatzaren 10eko egun guztian zehar izango dute jai hiriko sukaldari eta ogipekoek, eta ondorioz, ondo aprobetxatzen zuten eguna zen, orduñarron ezaugarrietako bat ezbairik gabe. Oraingoz ezin izan dugu egun horren inguruko informazio askorik batu, baina badirudi egun hartan ez zela jatekorik ematen jatetxe eta bentetan, zerbitzu guztiak jai baitzuten. Guztiak goizean elkartzen ziren eta mezera zihoazen parrokiara. Behin meza entzunda, Lurtegira (Terrerora) joaten ziren eta bertan pasako zuten egun guztia. Esan dugu sukaldariek ez zutela beharrik egiten, baina egiari zor, Manuela Manriqueri bere alabekin batera eta Constantina Torreri, hurrenez hurren Llarena eta la Posada jatetxeen sukaldariei, behar egitea tokatzen zitzaien, bertan baturiko jende guztiarentzako bazkaria egiteko ardunadun baitziren.

Musika oharño hauen barruan, hemen etorriko lirateke musika oharrak, izan ere, erdal errefrauak dioen legez, dantza tripetatik letorke. Sukaldarien eta ogipekoen jaia ez zen halakorik musikarik gabe, eta besteek dantza egiten zutenean beharrean zeudenak egun hartan egiten zuten euren arrastegiko dantza-plaza, euren erromeria: dakigunagatik, bai txistulariek bai akordeoilariek euren jotak eta porruak zein bestelako dantzarako musikak jotzen zituzten zerbitzuko langileek disfruta zezaten, baina oraingoz ezin izan dugu jakin nortzuk ziren maiatzaren 10eko arrastegietako berbenei musika jartzen ziotenak (lekukoaren arabera, erromeria akordeoiaz egiten zen, "Txurrumin" eta "Maturana"-rekin egiten genuen bezala, eta baita txistuaz ere). Jaiek eragiten zituzten gastuei dagokienez, ezin izan dugu jakin nork ordaintzen zituen, baina argi utzi digute sukaldari eta ogipekoek ez zutela ezer pagatzen: agian hiriko Udalak edo ugazabek eurek ziren jaia egiteko beharrezkoak ziren sosak ematen zituztenak.

Ikusten denez, gutxi ezagutzen dugun eguna da hau, eta izan ere ez dakigu ez noiz eta eta nolatan ospatzeari utzi egin zioten. Gurekin berba egin duten lekukoek komentaturikoaren arabera, eurek 1948 eta 1952. urte bitartean parte hartu zuten jaiegunean, behin ezkondu ostean utzi egin baitzuten: ikus daitekeenez, oraindik ikerketa sakona geratzen zaigu egun honen gainean.

Getxa Goi Txistu Taldea