Albisteak

 
Hasiera batean erabaki bagenuen ere oharño historiko-musikal hauek Urduñako Ama Birjin Antiguakoaren bederatziurrenean zehar agertuko zirela, ezin ditugu egun hauetan entzuten diren beste musika batzuk aipatu gabe utzi, are entzun beharko liratekeen egun berean argitaraturik.
Gaur, maiatzaren bederatzian, "Nuebemaion", geure haraneko auzoen inguruan berba egitea tokatzen zaigu eta euren festa eguneko musiken inguruan: Arrastariako Haraneko eta are Urduñako bizilagun guztiek ezagutuko dute entradillak dantzaren melodia, guztiok ahopeka dezakegu eta batek baino gehiagok dantzatu arrastariarra izan gabe, baina esan behar dugu haran honetatik kanpo ere ezaguna den musika dela, bereziki txistularien artean, hainbat konposatzailek melodia honetaz baliatu ziren eta euren obrak idazteko: J. M. González Bastida gasteiztarrak Gazteiz´ko nere biyotz ikarak edo, sinpleki, Gasteiz izenburua duen suitean sartu zuen (2. mugimenduan, dantza), eta hortik harturik Arabako dantza taldeek koreografia jarri zioten, entradillak dantzatik guztiz ezberdina den koreografia. Alabaina, inork ezagun egin badu abesti hau, gasteiztarra ere bazen Jesus Guridik egin zuen, dantzaren lehenengo zatia erabili baitzuen (beste dantza-melodia bati baturik) haren "Inguruko dantzak" obra ezagunerako. Hain loturik agertzen da Guridi abesti honekin, ezen leku batean baino gehiagotan irakur daitekeela bera izan zela konposatzailea, baina ez dugu inolako frogarik aurkitu hipotesi hori baieztatzeko. Berrikiago, Enrike Zelaia akordeoilariak ere hartuko du melodiaren lehenengo zatia (agian Guridirena inspirazio iturritzat harturik) bere "Entradillas de Arrastaria" abestirako, Araba diskoan agertuko zuena.

Hau bada ere egun honetako soinurik ezagunena, ez da Nuebemaio egunean entzuten den abesti bakarra: Arrastariako haranak bere pendoi, parrokietako gurutze eta agintariekin batera prozesioa hasiko duenean Gertakari Onaren ermitatik (Buen Sucesotik) abiaturik, txistularia hiriko ateetan lotuko zaie eta guztiok elkarrekin hiria zeharkatuko dute Santutegira bidean "Maiatzak bederatziko igoera" abestiarekin, txistularirik txistulari ahoz pasa den egile ezezaguneko kanta. Mezaren eta entradillak dantzen ostean, Santutegitik bueltan, beste obra bat entzungo da, Angel Iza konposatzaile orduñarraren “Etxaurrengo Ama Birjinaren martxa” obra, eta egun honetan Joseba Larrieta txistulariaren ekimenez sartu zen, berrogei urtetan baino gehiagotan Nuebemaio eguneko txistularia izan zena. Arrastariako eta Orduñako udalek Alondegiaren parean egingo duten makila trukaketan, garai batean Hiriko udal-zinegotziak laguntzen egon ohi zen musika banda, eta momentu hartatik aurrera banda izango zen prozesioari soinua ipiniko ziona, kasu honetan Pedro Fernández de Aguirrek egindako Nuevemayo martxarekin (aurtengo Lapiko Domeka kontzertuan Getxa Goik jo zuen martxa). Gaur egunean, bandarik gabe, txistulariak joko du lehen aipaturiko "Etxaurrengo Ama Birjinaren martxa". Posadan egindako diskurtsoen ostean, Haraneko agintariek, perdoi eta parrokietako gurutzeekin batera Arrastariara itzuliko dira "Donibane Zortzikoaren" musikarekin.

Getxa Goi Txistu Taldea